Geoparkearen ordezkaritza zabal batek Munduko Geoparkeen Estatuko Sarearen X. Jardunaldi Irekietan parte hartuko du

2025-10-09

Euskal Kostaldeko Geoparkeak aktiboki parte hartuko du urriaren 14tik 16ra Catalunya Central geoparkean, Montserraten (Bartzelona), "Hezkuntza, geologia, geoparkeak" izenburupean egingo diren Munduko Geoparkeen Estatuko Sarearen X. Jardunaldi Irekietan.

Geoparkeetako ordezkariak, adituak, hezitzaileak, kudeatzaileak eta tokiko komunitateak biltzen dituen urteroko topaketa dira jardunaldi hauek. Ezagutzak eta esperientziak trukatzea, lankidetza indartzea, kudeaketa hobetzea eta baterako ekimenak bultzatzea dira helburu nagusiak. Aurtengo edizioak hezkuntza nabarmentzen du geoparkeen funtsezko ardatz gisa, eta ikaskuntza- eta dibulgazio-gune gisa betetzen duten eginkizuna nabarmendu nahi du. Hezkuntza-programa berritzaileen bidez, tokiko komunitatearen parte-hartzea eta ingurumen-kontzientzia arduratsua sustatzen dira eta gizarte erresiliente eta arduratsu bat eratzen laguntzen da, egungo eta etorkizuneko erronketarako hobeto prestatuta egoteko asmoz.

Deba, Mutriku eta Zumaiako udaletako ordezkaritza bat, Alazne Txurruka, Ainhize Azpiazu eta Iñaki Ostolaza alkateak buru direla; hiru herrietako hainbat ikastetxeetako ordezkariak; Geoparkearen erakunde laguntzaile batzuk (Geoparkezaleak) eta Geoparkeko teknikariak Bartzelonara joango dira topaketan parte hartzera. Gainera, Gonzalo Torre Geoparkeako Ingurumen koordinatzaileak "Geoeskolak: flyscharen hezkuntza-eskaintzatik Geoparkearen hezkuntza-eskaintzara" hitzaldiarekin parte hartuko du bertan.

UNESCOren Munduko Geoparkeek adin guztietarako hezkuntza-jarduerak garatzen dituzte, geologiaren eta geologia-ondarearen garrantzia eta horrek natura-, kultura- eta ukiezin-ondarearekin duen lotura zabaltzeko, bai eta klima-aldaketari, natura-hondamendiei eta garapen iraunkorrari buruz sentsibilizatzeko ere.

Egitarau trinkoa

Jardunaldien inaugurazio-saioak hiru bloke izango ditu (Hezkuntza formala geoparketan, Klimaren eta jasangarritasunaren erronketarako hezkuntza geoparketan eta Hezkuntza-interpretazioa eta -berrikuntza ikasgeletako geologian) eta lurraldeko hezkuntza-komunitate osoari, tokiko eragileei eta Geoparkeen Estatuko Sareko kideei irekita egongo da, Geoparkeek hezkuntzan duten zereginari buruzko esperientziak partekatzeko helburuarekin.

Topaketa Unescok Lurraren eta Geoparkeen Zientzien Nazioarteko Programa izendatu zueneko hamargarren urteurrenarekin eta Europako Geoparkeen Sarea sortu zeneko 25. urteurrenarekin bat dator, eta Montserrateko Milurtekoaren ekitaldien barruan dago.

Jardunaldi Irekietan, jendaurrean aurkeztuko da Unesco Geoparkeen Elkarte berria, proiektu bateratuetan eta Geoparkeak markaren ikusgarritasunean aurrera egiteko tresna gisa sortua.

Geoparkearen ordezkaritza zabal batek Munduko Geoparkeen Estatuko Sarearen X. Jardunaldi Irekietan parte hartuko du