2016-10-13
UNESCO Geoparkea osatzen duten hiru herriek, Debak, Mutrikuk eta Zumaiak, bisitarien gorakada nabarmena izan dute uda sasoian. Ekainaren 1etik irailaren 30era, iazko datuekin alderatuta, %50 igo da Geoparkearen irteera gidatuetan parte hartu duten bisitarien kopurua. Guztira, 11.054 bisitari izan dira aurtengo udan; iaz 7.348 lagun izan ziren.
Halaber, euren kasa Geoparkera hurbiltzen diren bisitariak gero eta gehiago dira. Honela, ekaina eta iraila bitartean, Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo bulegoetara 61.350 bisitari hurbildu dira informazio eske, 2015ean baino %18 gehiago.
Udazkena Geoparkean
Udazkenean ere Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen eskaintza geoturistikoak aurrera jarraitzen du eta urte amaierara arte luzatuko da. Asteburu eta jaiegunetan hainbat aukera erakargarri eskaintzen du bertako ondare geologikoaren eta kulturalaren ezagutzara eta dibulgaziora bideratuta. Itsas-irteerak, ibilbide geologikoak eta kulturalak, barnealdeko bailarak ezagutzeko ibilaldiak, haurrekin egiteko proposamenak… Guztira, 13 proposamen ezberdin zientzia, natura eta kultura uztartuz.
Bisita gidatuen egutegi osoa geoparkea.com webgunean kontsulta daiteke eta bertan egin daitezke erreserbak online.
Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeak ondare geologiko, natural eta kultural aparta gordetzen du eta horren inguruan antolatzen da ikerketa zientifikoan, kontserbazioan, heziketan eta natura turismoan oinarritutako tokiko garapen jasangarrirako estrategia.