Geoparkean ikerketa proiektu bat garatzeko eskaera epea zabalik da, urtarrilaren 10a arte

2025-12-04

Euskal Kostaldeko UNESCO Munduko Geoparkeak geoparkean bertan ikerketa zientifikoa sustatzeko laguntza deialdi berria zabaldu du. Eskabideak 2026eko urtarrilaren 10a baino lehen aurkeztu behar dira eta laguntza, gehienez, 3.500€koa izango da

Euskal Kostaldeko UNESCO Munduko Geoparkeak laguntzen deialdi irekia zabaldu du ikerketa zientifikoa bultzatzen jarraitzeko. Aipatu laguntza bi urtean behin eskaintzen da Geoparkeko natura- eta kultura-ondareari, eta, bereziki, ondare geologikoari buruzko ikerketa-lanak sortzeko. Ohi bezala, geologiaz gain, ekologia, Naturagune babestuak, historiaurrea, kultura-ondare ukiezina eta itsas ondarea bezalako gaiak lehenetsiko dira.

Pertsona fisiko eta juridikoek eskatu ahal dute laguntza eta eskatzaile bakoitzak gehienez ere bi ikerketa-proiektu aurkeztu ahal izango ditu. Urtebeteko edo bi urteko iraupena izango duten proiektuak aurkez daitezke eta laguntza, gehienez, 3.500 eurokoa (zergak barne) izango da.

Eskabideak 2026ko urtarrilaren 10a baino lehen aurkeztu behar dira. Horretarako, hautagaiek deskargatzeko prestatuta dagoen inprimakia bete eta eskatutako dokumentazioarekin batera flysch@gipuzkoa.eus helbidera bidali behar dute.

Aholkularitza Batzorde Zientifikoaren ordezkari batek, zuzendaritza zientifikoak eta Geoparkearen gerentziak baloratuko dituzte aurkeztutako eskaerak, eta Geogarapen elkarteko Zuzendaritza Batzordeari helaraziko dizkio, onets ditzan.

Kontsultatu oinarri arautzaileak eta deialdia hemen

Geoparkeak deialdi irekia zabaltzen duen bosgarren aldia da hau. 2020an Josu Narbarte historialariak eta Eneko Iriarte geologoak aurkeztu zuten Giza- eta ingurugiro- faktoreen elkarreraginak Euskal Kostako Geoparkeko paisaien historian izeneko ikerketa izan zen aukeratua. 2021ean, Luis Miguel Agirrezabala geologoaren Konkrezioak Deba eta Mutrikuko Flysch beltza taldean: tipologia, eraketa mekanismoak eta kontrolak proiektua hautatu zuen Geoparkeak; hurrengo urtean, Aitor Larrañaga eta Ioar de Guzmán biologoen Diversidad faunística en los ríos del Geoparque: efecto de aislamiento fluvial ikerketa diruz lagundu zen; eta 2024an, Coastal landforms of the Basque Coast UNESCO Global Geopark – From inventory to geomorphological map, Paola Coratza, Mauro Soldati,Vittoria Vandelli eta Piotr Migoń biologoen proiektua gailendu zen.

Proiektu hori guztien emaitzak Geoparkearen webguneko IKERKETA atalean kontsulta daitezke.

Geoparkean ikerketa proiektu bat garatzeko eskaera epea zabalik da, urtarrilaren 10a arte