Zabalik da Euskal Kostaldeko Geoparkean ikerketa proiektu bat garatzeko eskaera epea

2021-10-21

Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak Geoparkean ikerketa zientifikoa sustatzeko laguntza deialdia zabaldu du. Eskabideak 2021eko azaroaren 22a baino lehen aurkeztu behar dira eta laguntza gehienez 3.500€koa izango da.

Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak laguntzen deialdi irekia zabaldu du ikerketa zientifikoa bultzatzen jarraitzeko. Urtero eskaintzen du Geoparkeko natura- eta kultura-ondareari, eta, bereziki, ondare geologikoari buruzko ikerketa-lanak egiteko laguntza bat. Aurten, geologiaz gain, ekologia, naturagune babestuak, historiaurrea, kultura-ondare ukiezina eta itsas ondarea izango dira lehenetsiko diren gaiak.

Pertsona fisiko eta juridikoek eskatu ahalko dute laguntza eta eskatzaile bakoitzak gehienez ere bi ikerketa-proiektu aurkeztu ahal izango ditu. Urtebeteko edo bi urteko iraupeneko proiektuak aurkeztu daitezke eta laguntza gehienez 3.500,00€koa (zergak barne) izango da. 

Bestalde, eskabideak 2021eko azaroaren 22a baino lehen aurkeztu behar dira. Horretarako, hemen deskargatzeko prestatuta dagoen inprimakia bete, eta eskatutako dokumentazioarekin batera flysch@gipuzkoa.eus helbidera bidali behar da, eta paperean, Debako Turismo Bulegora (Ifar kalea, 4 20820 Deba).

Aholkularitza Batzorde Zientifikoaren ordezkari batek, zuzendaritza zientifikoak eta Geoparkearen gerentziak baloratuko dituzte aurkeztutako eskaerak, eta Geogarapen elkarteko Zuzendaritza Batzordeari helaraziko dizkio, urtea amaitu baino lehen onets ditzan.

Kontsultatu oinarri arautzaileak eta deialdia hemen

Geoparkeak deialdi irekia zabaltzen duen bigarren urtea da hau. 2020an Josu Narbarte historialariak eta Eneko Iriarte geologoak aurkeztu zuten ikerketa izan zen aukeratua eta azken mendean gure paisaiak izan duen bilakaera kulturala aztertzea du helburu. Itsas ondarea, baserria, basoa, nekazaritza eta beste hainbat erabilerek gaurko paisaian utzi duten arrastoa ulertzea ahalbidetu du ikerketak, dokumentu zaharrak eta zundaketa geologikoak aztertuz. 

Bestalde, Josu Narbartek Geoparkeko paisaia kulturalak ikertzen: giza jardueren aztarnak historian zehar hitzaldia eman zuen Geoparkearen Astearen baitan eta bertan ikerketaren xehetasunak azaldu zituen (hitzaldia ikusgai hemen).  

Zabalik da Euskal Kostaldeko Geoparkean ikerketa proiektu bat garatzeko eskaera epea