Euskal Kostaldeko Geoparkeak UNESCOren azterketa arrakastaz gainditzea lortu du berriro ere

2022-10-10

Hirugarren “Txartel Berdea” eskuratu du eta beste lau urtez eutsiko dio, 2026ra arte, UNESCOren Munduko Geoparke izendapenari.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak beste lau urtez, 2026. urtera arte, UNESCOren Munduko Geoparke izendapenari eutsiko dio. Kalifikaziorik altuenarekin gainditu du azterketa, “Green Card” edo Txartel Berdearekin; ikerketa zientifikoaren, kontserbazioaren, hezkuntzaren eta natura-turismoaren alorrean Geoparkeak egindako lana eta bilakaera aztertu dute adituek.

Geoparkeen Munduko Sarean jarraitzeko babesa beste lau urterako berritzea lortzen duen hirugarren aldia da, eta ez da inolako neurri zuzentzailerik identifikatu. Leire Barriuso Geoparkeko kudeatzailearentzat: “UNESCOren balioak betetzen dituen proiektu sendoa dugula agerian jartzen du aitorpen honek”.

UNESCOren webgunean argitaratu da albistea eta “poztasun handiz” jaso dute Debako, Mutrikuko eta Zumaiako Udalek, Geoparkea osatzen duten hiru udalerriek.

Geoparkeko kudeatzaile Leire Barriuso ere “oso pozik” agertu da hirugarren txartel berdea eskuratuta. “Geoparkearentzat garrantzitsua da Geoparkeen Munduko Sarean jarraitzea, hori baita gure lan-esparrua. Aintzatespen honek gure ondare naturala eta kulturala zaintzeko eta sustatzeko ahaleginak areagotzera bultzatzen gaitu”, adierazi du.

Halaber, Barriusok eskerrak eman dizkie “era batera edo bestera Euskal Kostaldeko Geoparkearen parte diren lagun guztiei: erakundeei, gizarte-, ekonomia- eta hezkuntza-arloko eragileei eta, noski, Geoparkeko herritarrei, izan ere, Unescoren aitortza guztion elkarlanari esker etorri da”.

UNESCOko adituen azterketa ekainaren 14tik 17ra bitartean egin zen. Alemania-Poloniako Muskau Arc UNESCO Global Geoparkeko, Manfred Kupetz, eta Italiako Pollino UNESCO Global Geoparkeko Egidio Calabrese, izan ziren Geoparkearen azken lau urteotako kudeaketa eta aurrerapausoak aztertzeko ardura izan zuten bi ebaluatzaileak. Lau egunez agenda bete-betea izan zuten; Euskal Kostaldeko Geoparkeko interesgune nagusiak bisitatu zituzten eta eragile eta erakunde ezberdinetako ordezkariekin elkartu ziren.

Orduan, UNESCOko bi ebaluatzaileek Geoparkearen balio paisajistikoa eta geologikoa nabarmendu zuten eta oso positibotzat jo zuten Geoparkea egiten ari den lana bertako ondare geologikoaren zabalkundea eta kontserbazioa sustatzeko, bertako kulturari eta historiari lotua, baita erakunde ezberdinen eta eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza estua ere.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak UNESCOren azterketa arrakastaz gainditzea lortu du berriro ere