Hegaztien eraztunketa gertutik ezagutzeko saio praktikoa antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak

2025-09-26

Udazkena iritsi berri dela eta hegazti asko migratzen ari direla baliatuz, Euskal Kostaldeko Geoparkeak publiko orokorrari zuzendutako saio interesgarria antolatu du. Hegaztien eraztuntzean sakontzeko aukera izango da datorren urriaren 5ean, igandean, goizeko 10:00etan hasita. Bi ordu inguruko ekimena Zumaiako Foronda Jauregiko lorategian egingo da SEO-Birdlife elkartearen Hegaztien Egunarekin bat egiteko helburuarekin.

2025eko edizio berri honetan, klima-aldaketak dakarren mehatxuaz ohartarazteko aprobetxatu nahi da, arriskuan dauden espezieen % 66ri eragiten baitio, eta, gainera, arazo garrantzitsua delako goi-mendiko espezie guztientzat.

Hegaztien eraztunketa zientifikoaren garrantzia ezagutzeko eta nola egiten den ikusteko helburuarekin antolatu du saioa Geoparkeak. Horretarako, Aranzadi Zientzia Elkarteko adituen laguntza izan du. Saioa euskaraz egingo da. Deialdia irekia eta doakoa da, baina aldez aurretik izena eman beharra dago inprimaki hau beteta edo Zumaiako Turismo Bulegoan (T. 943 14 33 96).

Ezagutzarako tresna

Eraztuntze zientifikoa animaliak markatzeko teknika bat da. Hegaztien kasuan, kode bat duen metalezko eraztun arin bat jartzen da hanka batean. Kode hori bakarra da eta, NAN bat balitz bezala, hegazti hori identifikatzeko balio du. Horrela, beti jakingo da zein hegazti den zehazki eta eraztuna non eta noiz jarritakoa den, eta bere bizitzari, migrazioari eta ekologiari buruzko datu baliotsuak lor daitezke.

Eraztuna jartzeaz gain, askatu aurretik, hegaztia pisatu, neurtu eta bere sexua eta adina zehazten dira. Etorkizunean hegaztia berriro harrapatzen bada, eraztunaren datuak hasierako erregistroekin alderatzen dira, animaliaren joan-etorriei eta egoera fisikoaren aldaketei buruzko informazioa lortzeko.

Eraztuntzea ezin du edonork egin eta prozesu hori ondo kualifikatutako eta akreditatutako pertsonek egin behar dute, animaliaren ongizatea uneoro bermatuz.

Hegaztien eraztunketa gertutik ezagutzeko saio praktikoa antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak