Euskal Kostaldeko Geoparkeak "Flysch & Karst" Pintxo Lehiaketa antolatu du

2013-11-12

Algorri, Zumaia

Algorri, Zumaia

Egitasmoa azaroaren 30eko eta abenduaren 1eko asteburuan burutuko da eta herritarrek parte hartzeko aukera izango dute, euren gustuko pintxoen alde botoa emanez.

Geoparkeak zabaldu du dagoeneko epea Flysch & Karst” Pintxo Lehiaketan parte hartzeko. Bi egunez burutuko da lehiaketa, azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean, asteburuan. Izena emateko azken eguna, berriz, azaroaren 27a izango da (14:00ak arte).

Geoparkeak, egitasmo honen bitartez, Geoparkeko lurraldea ondoen ordezkatzen duten bi pintxoak hautatu nahi ditu. Sorkuntza gastronomikoek “Flysch pintxoa” eta “Karst pintxoa” izena hartuko dute. Helburu nagusi bat du ekimenak, Geoparkearen irudia zabaltzeko eta bisibilitatea emateko elementu promozional berriak edukitzea, herritarrei zein kanpoko bisitariei begira.

Baina lehiaketak beste helburu batzuk ere baditu, hala nola, baserritarren eta ostalarien arteko elkarlana bultzatzea, bertako produktu freskoak kalitatezko sukaldaritzarekin batzea eta hiru herrietako ostalaritza-sektorea dinamizatzea.

Egitasmoa Geogourmet proiektuaren barruan kokatzen da, Geoparkeko nekazaritzako elikagaien sektorea sustatzea helburu duena.

Izen-ematea

Lehiaketan parte hartu ahal izango dute Geoparkea osatzen duten hiru herrietako ostalaritza-establezimenduek (Zumaia, Deba eta Mutriku). Interesa dutenek izena eman beharko dute Debako turismo bulegoan, Geoparkearen egoitza han baitago (Ifar kalea, 4), telefonoz 943 192 829 zenbakira deituz edota geoparkealanda@gmail.com helbidera idatziz. Establezimenduaren datuak emateaz gainera, izena eta kokapena, pintxoaren izena, elaboraziorako errezeta eta produktuen trazabilitatea adierazi beharko da.

Parte-hartzaileek lehiaketako oinarriekin batera, garaiko eta bertako produktuen zerrenda bat jasoko dute, euren pintxoen elaboraziorako eskuratu ahal izango dituztenak. Lehiaketako oinarriak geoparkea.com webgunean daude argitaratuta, edonoren esku.

Lehiaketak bi kategoria izango ditu, “Flysch pintxoa” eta “Karst pintxoa”, eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi pintxo aurkeztu ahal izango ditu kategoria bakoitzeko. Pintxoen gehienezko salmenta-prezioa 2 eurokoa izango da.

Herritarren parte-hartzea: Dastatu eta bozkatu!

Bi egunez, azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean -larunbata eta igandea-, herritarrek pintxoak dastatu eta gustukoen duten pintxoen aldeko botoa eman ahal izango dute, horretarako establezimendu bakoitzean ipiniko diren kutxen bitartez. Botoa ematen duten herritar guztien artean, sari bat zozkatuko du Geoparkeak: bi lagunentzako bisita gidatua eta GeoGourmet otar bat.

Sari-emate ekitaldia

Azkenik, abenduaren 3an, epaimahaiak pintxo irabazleak aukeratuko ditu, kategoria bakoitzeko bana, eta sariak banatuko dira: 300 € eta diploma. Epaimahaiak kontuan hartuko dituen irizpideak dira: aurkezpena, produktuen trazabilitatea, bideragarritasuna, zaporea eta orijinaltasuna. Azken erabakia hartzerako orduan, herritarren botoak aintzat hartuko ditu epaimahaiak.

Ondoren, bi pintxo irabazleak establezimendu parte-hartzaile guztietan eskainiko dira. 

None
Euskal Kostaldeko Geoparkeak "Flysch & Karst" Pintxo Lehiaketa antolatu du