Geoparkeak bisita gidatuen bosgarren denboraldiari ekingo dio asteburuan

2015-03-06

Euskal Kostaldeko Geoparkeak bi proposamen berri gehitu ditu aurtengo bisita gidatuen programa osatzeko: “Flysch beltza” eta “Merkatari eta piraten istorioak”.

 

  • Geoparkean dugun aparteko ondare geologiko, natural eta kulturalak mundu mailan kokatzen gaitu eta gero eta bisitari gehiago erakartzen ditu; iaz Geoparkeko irteera gidatuez gozatu zuten bisitarien kopuruak %60 egin zuen gora.
  • Geoparkeak itxura berritua du gaurdanik webgunean, pantaila eta dispositibo ezberdinetara egokitutako diseinu batekin.
  • Denboraldi berriaren aurkezpena Baratzazarrak behatoki berrian egin da, Elorriaga auzoan (Itziar, Deba), 150 metroko altueran kokatua dagoen talaia pribilegiatua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta La Caixaren arteko hitzarmenaren baitan eraikia.

Gaur ostirala, Euskal Kostaldeko Geoparkeak bisita gidatuen denboraldi berria eman du ezagutzera, eta, aldi berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta La Caixa Fundazioak Baratzazarrak deritzon behatokia inauguratu dute Elorriaga auzoan (Itziar, Deba) elkarrekin antolatu duten prentsaurrekoan.

Ekitaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatua izan du buru, Jon Peli Uriguen, eta berarekin batera egon dira La Caixaren Gipuzkoako erakunde-zuzendaria, Gaspar Guembe, eta Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietako alkateak: Joseba Palenzuela, Mutrikuko alkatea, Iñaki Arrizabalaga, Zumaiako alkatea, eta Maider Zubikarai, Debako alkatea. Haiekin batera egon da baita ere Geoparkeko gerentea, Leire Barriuso.

Baratzazarrak deritzon behatoki berria Geoparkearen bihotzean eta Deba-Zumaia itsasbazterreko Biotopo babestuaren erdi-erdian dago kokatua. Ekimen honekin, pauso bat eman da aurrera bertako ondare natural eta geologiko garrantzitsua herritarrengana zein kanpotik datozen bisitariengana gerturatzeko, eta ezagutza eta kontserbazioa sustatzeko. 

Elorriagako begiratokia leku ezin hobea da Euskal Kostaldeko Geoparkeko flysch edota itsaslabar ikusgarriez gozatzeko. 150 metroko altuera duen itsaslabar baten gainean kokatua dagoen egurrezko plataforma bat da eta oso erraz iritsi daiteke bertara, 5 minutu oinez Elorriagako atsedenlekutik. Atsedenleku honetatik igarotzen dira Gipuzkoako itsasbazter osoa zeharkatzen duen Talaia ibilbidea eta kostaldeko Done Jakue Bidea, urtero milaka lagunek erabiltzen dituzten bi azpiegitura. Ikuspegi zoragarriez gainera, behatokiak balio handiko ondarea jasotzen du, flyscharen eta marearteko zabalgunearen balio paisajistiko, geologiko eta ekologikoa, hain zuzen ere, eta hura ezagutaraztea du helburu. Gure oinen azpian, 60 milioi urteko historia gordetzen du flyschak geruzaz geruza.

Zalantza gabe, flyscheko itsaslabarrak dauka Euskal Kostaldeko Geoparkeko erakargarritasun handiena. Gogoratu, Geoparkea 2010az geroztik Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kide da, UNESCOk babestua.

Bi proposamen berri 2015eko Bisita Gidatuen programan 

Flyschetik karstera, kostaldeko itsaslabarretatik barrualdeko bailara ezkutuetara, Geoparkeko ondare aberatsa ezagutzeko, ulertzeko eta balioan jartzeko modurik onena urtean zehar eskaintzen diren irteera gidatuetan parte hartzea da.

Neguko atsedenaldiaren ostean, asteburu honetan abiatuko da 2015eko Bisita Gidatuen programa berria eta abendura arte luzatuko da. Aurtengoa bosgarren denboraldia izango da. Geoparkeak publiko zabalari zuzendutako era guztietako proposamen erakargarriak jaso ditu. Nabarmen handitu du, gainera, irteera gidatuen kopurua. Iaz 269 irteera eskaini ziren eta aurten 499 bisita daude aurreikusita.

Era berean, aurtengo programak berrikuntzak dakartza. Bi proposamen berri gehitu ditu Geoparkeak. Bata, “Merkatari eta piraten istorioak” izeneko proposamena: gure uretan harat-honat ibili diren merkatari, pirata eta kortsarioen historia aberatsaren berri jakingo dute bisitariek eta Zumaiako itsas ondare aberatsa ezagutuko dute. Alde Zaharrean barrena bitxikeria, kuriositate eta istorio harrigarri ugari eskainiko dizkigu ibilaldi kultural honek, eta merkatari-familia handien bizitzaren eta garaiko jauregien nondik norakoen berri jakiteko aukera emango digu.

Bigarren proposamena, “Flysch beltza” izenekoa da: Ibilaldi harrigarria Geoparkeko itsas hondo zaharrenetan barrena. Debako hondartza bikainean eta itsas pasealekuan egiten den oinezko bisita honek aukera ematen digu, gidari espezializatu baten eskutik, Geoparkeko flysch ezezagunenaren, hau da, Debako flysch beltzaren, sekretuen berri jakiteko. 100 milioi urteko bidaia egingo dugu iraganera, Bizkaiko Golkoa zabaldu zen hasierako garaietara, eta itsaspeko paisaia zoragarria bistaratuko dugu: koralezko arrezife handiak, itsaspeko abaniko sakonak, lurrikarak eta naturaren harribitxi bereziak, hala nola Debako septariak.

Bisita gidatuen gaineko informazio osoa eta egutegia webgunean kontsulta daiteke, baita Mutriku, Deba eta Zumaiako Turismo Bulegoetan ere. Halaber, bisita gidatuetarako erreserbak online egin daitezke, webgunearen bitartez, modu erraz eta seguruan.

Bisitari errekorra 2014an

Urtez urte gero eta gehiago dira Euskal Kostaldeko Geoparkera hurbiltzen diren bidaiariak. 2014an Geoparkeko bisita gidaturen bat egin zuten lagunen kopuruak %60 egin zuen gora aurreko urteko datuekin alderatuz. Guztira 6.573 lagunek hartu zuten parte iaz Geoparkeak eskainitako irteera gidatuetan.

Bestalde, Geoparkea euren kontura bisitatzen duten bidaiarien kopuruak ere gora egin du. Honela, 73.840 lagun hurbildu ziren 2014an Geoparkean kokatuta dauden 3 turismo bulegoetara, Zumaia, Deba eta Mutrikuko udalerrietan, aurreko urtean baino %18 gehiago.

Era berean, azken urteetako tendentziari jarraituz, erreserbak online webguneko erreserba zentralaren bitartez egiten dituzten pertsonen kopurua igo egin da. Hain zuzen, erreserba guztien  %55 online egin ziren.

Webgune berria estreinatu du Geoparkeak

Gaurdanik Geoparkearen webgunea itxuraldatuta dago. Webguneak egitura berbera mantendu du, Geoparkeari buruzko informazio orokorrarekin eta bisita gidatuen gaineko informazio zehatzagoarekin, baina diseinu berria du, bisualagoa eta erakargarriagoa. Bertan Geoparkeko txoko, paisaia eta tradizio ezberdinen argazki handiak dira nagusi, bisitarien arreta bereganatu nahian.

Online irudi berrituarekin batera, diseinua moldatu egiten da eta webgunea egoki ikus daiteke edozein pantaila eta dispositibotan. Webgunea euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez dago.

Webguneak, halaber, erreserba zentral bat dauka erabiltzaileek erreserba egin dezaten online modu erraz eta seguruan. 

Eibarko Codesyntax enpresak burutu ditu webgunea berritzeko lanak.

 

Geoparkeak bisita gidatuen bosgarren denboraldiari ekingo dio asteburuan