2023-04-11
Beste urte batez, Bizkaiko hiriburuak Bilbao Basque Fest jaialdia ospatu du Aste Santuan eta bertan izan da Euskal Kostaldeko Geoparkea, lurraldea eta bere aberastasunak erakusten. Jaialdiak 200 jarduera baino gehiago biltzen dituen kultura- eta aisialdi-programa bat eskaini du, Aste Santuan bisitatzen gaituzten turistei tokiko kultura hurbiltzeko eta bertakoei kalitatezko aisialdi-eskaintza eskura jartzeko.
Areatza izan da jaialdiaren epizentroa ‘Gourmet Txokoa’ deritzon espazioarekin eta herri kirolen erakustaldiekin. Bertan, 1.500 metro karratu baino gehiagoko karpa batek Euskal Herriko hamar eskualde turistikori aterpe eman die, Geoparkea horien artean zelarik. Bakoitzak bere kultur eta turismo eskaintzaren onena ezagutzera eman du, informazio-standekin, tokiko produktuen dastaketekin eta sukaldaritza-tailerrekin. Karparekin batera 25 euskal kirol jarduera baino gehiago egin dira, erakustaldi eta tailerrekin. Publikoak musika, dantza eta antzerkiko 69 ikuskizunez eta euskal kiroleko 25 jardueraz gozatu ahal izan du. Gainera, Basque Fest jaialdiaren baitan, Geoparkeak bisita gidatuak egiteko sarrera bikoitzak zozkatu ditu bere standera hurbildu diren bisitarien artean, 2023an erabili ahal izateko.
Geoparkearen helburua Debako, Mutrikuko eta Zumaiako erakargarri turistikoak ezagutzera ematea izan da, urte osoan eskaintzen dituen esperientzia eta bisita gidatuen berri emanez: flyscha uretatik ikusteko itsas-ibilaldiak, barnealdeko bailara ezkutuak ezagutzeko ibilbideak, familiartean egiteko proposamenak… Guztira, Euskal Kostaldeko Geoparkea ezagutzeko 18 bisita gidatu daude aukeran, norbere kabuz egiteko moduko ibilbide geologikoak ahaztu gabe.