Geoparkeak bat egingo du Hezeguneen Munduko Egunarekin

2018-01-26

Debanatura elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu otsailaren 3rako Debako Casacampo eta Artzabalgo paduretan, parte hartu nahi duten herritarrei zabalik. Ekimenaren laguntzaile dira SEO-BirfLife Euskadi, Eusko Jaurlaritza eta Euskal Kostaldeko Geoparkea. 

Hezeguneen Munduko Eguna otsailaren 2an ospatzen da urtero eta, arrazoi hori tarteko, otsailaren 3an, larunbata, Deba ibaiko hezeguneen inguruan hainbat jarduera antolatu du Debanatura elkarteak, SEO-BirdLife Euskadi, Eusko Jaurlaritza eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen laguntzarekin.

Goizeko 11:00etatik aurrera, hegaztiak behatzeko ibilaldi gidatua, garbiketa eta zuhaitz landaketa egingo dira, parte hartu nahi duten herritarrei zabalik. Hamaiketakoa ere eskainiko da.

Helburua da herritarrak jabetzea "Euskal kostaldeko hezeguneen katean" dauden hezegune txiki hauek duten garrantziaz, hezeguneak funtsezkoak baitira gure etorkizunerako.

Hona hemen ekimenaren nondik-norakoak:

  • EGUNA: otsailaren 3a, larunbata.
  • ORDUA: 11:00etatik 13:30era.
  • TOKIA: Casacampo, Deba.
  • EGITARAUA: Lehendabizi, Casacampoko sarreran elkartu eta ordubeteko ibilaldi gidatu bat egingo da inguruko paduretatik eta, bide batez, neguko hegazti arrunten jarraipena egingo da. Hamaiketakoa hartu ondoren, inguruaren garbiketari ekingo diogu eta bertan pilatzen diren zaborrak (plastiko arinak) jasoko ditugu. Aldi berean, itsasadarrean ohikoak ziren milazkak eta zumeak landatuko ditugu.

 

Otsailaren 2an, urtero, Munduko Hezeguneen Egunak Ramsar Hitzarmena gogorarazten digu; hezeguneen kontserbazioaren inguruan 1971n sinatutako hitzarmena. Aurten hiriguneetako hezeguneei eskani nahi zaie arreta, hau da, gure herri eta hiri inguruetan daudenei; izan ere, behar-beharrezkoak ditugu eta hauei esker gure ingurunea bizitzeko egokia da.

Geoparkeak bat egingo du Hezeguneen Munduko Egunarekin