Euskal Kostaldeko Geoparkeak basoko hegazti gautarrak entzuteko txangoa antolatu du

2023-05-04

Maiatzaren 12rako dago jarrita hitzordua, 20:30ean Debako Simon Berasaluze plazatik abiatuta

Beharbada, hegaztiak dira zale gehien erakartzen duen animalia taldea, eta, zenbait herrialdeetan fanatismotik gertu dagoen zaletasuna sorrarazten dute. Haien edertasun soila, beren aniztasun handia, lurreko ia habitat guztietan aurkitu ahal izatea, eta, zalantzarik gabe, leku zabaletan, landazabaletan, aintziretan edo paduretan ikusteko erraztasunak bihurtzen ditu hain preziatu. Alabaina, behatzea ez da hain erraza baso trinkoetan, harkaitzetan edo animalia askoren babesleku den gauaren iluntasunean ere.

Hala, bada, toki helezin horietan hegaztiak aztertzeko zeharkako teknikak erabili behar dira nahitaez. Horietako bat arrastoak bilatzea da, oinatzak edo gorotzak, esaterako, eta, beste batzuetan, belarria zorroztu behar da, haien lurraldea inbaditu gabe identifikatu ahal izateko.

Eta hori da maiatzaren 12ko (ostirala) arratsean egin nahi duguna. Izan ere, Aranzadi Zientzia elkarteko adituek lagunduta, hegazti gautarrak ikertzeko teknikak ezagutu eta erabiliko ditugu. Baita, zortea lagun badugu, gure etxetik oso gertu -baina ezkutuan- bizi diren hegaztiak ere entzungo ditugu.

Abiapuntua Debako Simon Berasaluze plaza izango da eta arratsaldeko 20:30ean elkartuko gara. Handik, adituen azalpenak eta txangoan zehar kontuan hartu beharko gomendioak entzun ondoren, bi ordu inguruko ibilbidea egingo dugu, herritik gehiegi urrutiratu gabe. Hori bai, bide estuetan ibiliko gara eta ilunpetan zeharkatuko ditugu; beraz, zapata eta arropa egokiak eraman beharko dira, eta bidea argiztatzeko eskuko edo kopetako linterna bat. Irteera doakoa da eta azalpenak euskaraz emango dira.

Parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman behar dute izena lotura honetan Debako Turismo Bulegoan aurrez aurre edo 943 19 24 52 telefonoan (10:00-14:00 astelehenetik ostiralera), plazak mugatuak dira eta.

Hegazti gautarrak-Urubia

 

 

Euskal Kostaldeko Geoparkeak basoko hegazti gautarrak entzuteko txangoa antolatu du