2025-01-23
Geoparkearen eskaintza turistikoa zabaltzera datorren produktu hau kostaldearen eta barnealdearen arteko oreka sustatzera dator
Euskal Kostaldeko Geoparkea Fitur nazioarteko turismo azokan parte hartzen ari da egunotan eta Euskadiren gunean eta Munduko Geoparkeen Espainiako Sarearen standean presentzia nabarmena izaten ari da. Geoparkeak sortu berri duen produktu berria, Geoparkeko Bira, nazioarteko publikoari aurkezteko aprobetxatu du Fiturreko erakusleihoa.
Gaur goizean egin den aurkezpen ekitaldian, Euskal Kostaldeko Geoparkeko presidente eta Zumaiako alkate den Iñaki Ostolazak azpimarratu du “Turismoa aldatzen ari dela barneratua daukagu Geoparkean. Bisitarien fluxuak geoparke osora zabaltzea bilatzen dugu, eta Geoparkeko Bira oinarrizko piezetako bat da helburu horretan".
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek aurkezpenean adierazi duenez, “Geoparkeko Bira honen moduko ekimenei esker, turismo-fluxuak modu orekatuagoan banatzen dira lurralde osoan, egonaldi luzeagoak errazten dira eta, beraz, aberastasun handiagoa sortzen da lurraldean. Eta hori guztia jasangarritasunaren ikuspegitik, guretzat hain garrantzitsua dena”.
Leire Barriusok, Geoparkeko gerenteak hartu du hitza azkenik, eta Geoparkearen irudi berria izateko sortu den bideoarekin abiatu du Biraren aurkezpena. Geoturismo eskaintza zabalaren eta anitzaren baitan kokatu du produktu berria. “Kostaldearen eta barnealdearen arteko muga geografiko eta psikologikoa gainditu nahi dugu Geoparkeko Birarekin eta flyschak erakartzen dituen bisitariak barrualdera gureganatu”, azaldu du Madrilgo azokan.