2024-01-24
Deba, Mutriku eta Zumaia udalerriek osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkea, turismo sustapena egiteko prest dago urtarrilaren 24tik 28ra Madrilen ospatzen ari den munduko feria garrantzitsuenetarikoan.
Gaur, hilak 24, Euskadiko erakustokiaren inaugurazio ofiziala izan da 12:00etan eta Geoparkea bertan izan da hiru udalerrietako udal-ordezkari eta Debegesa eta Urola Kostako Mankomunitatea eskualde-erakundeekin batera.
Ondoren, 13:00ean, Turespañako standean eta Ekoturismo Klubaren aurkezpenaren baitan, Geoparkea Espainiako Ekoturismoaren VII. Kongresu Nazionala antolatzeko egoitza izango dela iragarri da. Kongresua 2024ko urriaren 23tik 25era egingo da. Gogoz jasoko den berria izan da, Geoparkeak goi mailako beste hautagai batzuekin lehiatu behar izan baitu. Ekitaldi honetan, Deba, Mutriku eta Zumaiako alkateez gain Aroa Jilete Eusko Jaurlaritzako Turismo Zuzendaria eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Diputatua, Azahara Dominguez eta Iñigo García Zuzendaria egon dira.
Jarraian, 14:00etan, Unescoren Geoparkeen standaren irekiera ofiziala egin da. Lehen aldiz, Espainiako Geoparkeen sareak bat egin du Fiturren helmugako sustapen bateratua egiteko. Gainera, Geoparkeen Munduko Sarea (GGN) sortu zela 20 urte betetzen dira aurten, eta, hori dela eta, Latinoamerikako geoparkeei stand-ean parte hartzeko gonbita luzatu zaie. Ekimen hori AECIDek (Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentzia) babestu du, Unescorekin lankidetzarako Batzorde Nazionalaren bitartez.
Standaren irekierako ekitaldia Nicolás Zouros, Geoparkeen Munduko Sareko koordinatzailea, Eugenio Bidondo, Latinoamerika eta Karibe Sareko koordinatzailea, José María Barrera, Españako Sareko Koordinatzailea eta Santiago Sierra, Unescoren Batzorde Nazionaleko Idazkari Nagusiaren eskutik joan da.
Geoparkeak sustatzeko liburuxka berri bat argitaratu da, geoparkeen kokapen-mapa batekin eta geoparke bakoitzaren informazio orokorrarekin. Material hori oso erabilgarria izango da geoparke bakoitza banaka sustatzeaz gain, geoparkeen irudi orokorra sustatzeko.
Geoparkeen standaren programazioa
Profesionalei eskainitako hiru egunetan zehar, erakustokiak aurkezpen eta bileren agenda betea izango du, eta geoparkeetako tokiko eta eskualdeko ordezkarientzaren topagune ere izango da. Gainera, geoparkeetako produktuak dastatu ahal izango dira. Agendari buruzko informazioa hemen.
Euskal Kostaldeko Geoparkea, ekoturismoaren ildoan
Geoparkeak Fitur azokan sustatzen duen eskaintza turistikoa bere ondare natural eta kulturalari balioa ematean oinarritzen da, ondarearen kontserbazioaren eta interpretazioaren bitartez. Bisita gidatuen eskaintza zabala eta geoibilbideen sarea dira Geoparkearen produktu izarrak. Hau guztia, "Geoparkezaleak" komunitateko kide diren 22 entitate laguntzaileek eskaintzen duten ostatu eta jarduera turistikoen eskaintza pribatu bikainarekin osatuta dago, horregatik, Geoparkea bisitatzea ezinbesteko esperientzia da ingurune natural berezi batez gozatu nahi dutenentzat.