2018-05-04
"Karst. Koralezko mendiak eta bailara ezkutuak" izenburupean, maiatzaren 12an egingo da Euskal Kostaldeko Geoparkean Geolodia 2018 ekimena, EHUk eta Geoparkeak antolatuta. Izen-ematea itxita dago, eskainitako leku guztiak bete direlako (55 lagunentzat).
Euskal Kostaldeko UNESCOren Geoparkeak hartuko du Gipuzkoan aurtengo Geolodia ekimena. Maiatzaren 12an egingo da, larunbata. Euskal Herriko Unibertsitateak eta Geoparkeak elkarlanean antolatu dute ibilaldi gidatua, “Karst. Koralezko mendiak eta bailara ezkutuak” izenburupean. Geoparkearen barnealdeko geologia ezagutzera ematea da antolatzaileen asmoa. Leku guztiak bete egin dira eta izen-ematea itxita dago.
Itziarko plazatik abiatuko da ibilaldia goizeko 9:30ean. 55 lagunek osatutako taldea oinez aterako da handik Lasturko San Nikolas auzoraino, lau orduko ibilbidea eginez. Bidean Arantza Aranburu eta Asier Hilario geologoek azalpenak emango dituzte: Geoparkeko paisaiaren bilakaera geologikoa azken milioi urteetan, Behe Kretazeoko koralezko arrezifeak nolakoak ziren…
Bazkaltzeko tartea egin ostean, 15:00etan, Lasturko harrobira gerturatuko da taldea autobusez, Hector Fano geologoaren eskutik bertako harria eta honen erabilera ezagutzeko. Itzulera 17:00etan izango da; autobusak abiapuntura eramango ditu parte-hartzaileak, Itziarko plazara.
Geolodia ekimenari buruz
Geologia eta geologoen lanbidea herritarren artean ezagutzera ematea du helburu Geolodia ekimenak. Geologoek gidaturiko eta publiko zabalari zuzendutako doako ibilaldiak dira. Ekimena 2005ean jaio zen Teruelen eta 2010az geroztik espainiar estatuko lurralde guztietan egiten da aldi berean.
Ibilaldi hauek inguruko paisaia "begi geologikoekin" ikusteko aukera eskaintzen dute. Era berean, ondare geologikoaren garrantziaz jabetzea eta ondare hau babestearen beharraz ohartaraztea dute helburu.
Geolodia 2018 ekimenaren leloa da: "Begiratu zer zapaltzen duzun" (“Mira lo que pisas”).