2019-09-13
Geoparkea Geoeskolak izeneko proiektua garatzen ari da. Proiektuak, metodologia praktikoa erabiliz, Geoparkeko baliabide didaktikoak eskoletan lantzea du helburu, ikasleek Geoparkea zer den ezagutu dezaten. Egitasmoak erabiliko dituen bitartekoak, baliabide geologikoak, ekologikoak edota kulturalak dira, besteak beste.
Programaren metodologiak berritzailea izan nahi du eta maila bakoitzeko ezagutzetara egokitzen da. Prestatu diren unitate didaktikoek ikasleen gaitasunak landu nahi dituzte batez ere. Lantalde txikien bitartez erronka desberdinak planteatzen dira eta ikasleek arazo-egoera bati egin beharko diete aurre.
Geoeskolak proiektua garatzeko Geoparkeak hainbat eragileen laguntza izan du; esaterako, inguruko irakasleak, Algorri Interpretazio Zentroaren begiraleek, Ingurugela zentroetako teknikariak eta EHUko Zientzia Esperimentalen Didaktika saileko irakasleak.
Lehen hezkuntzatik hasi eta batxilergora arteko hezkuntza ibilbidean, hurrengo urteetan 9 jarduera prestatzeko asmoa du Geoparkeak, hiru herrietako geodibertsitatea, biodibertsitatea eta ondare kulturala ezagutzeko. Mutrikuko marinelen istorioak, Debako historiaurreko arkeologia, edota Zumaiako itsasertzeko altxor geologikoak izango dira, besteak beste, Geoeskolak programan landuko diren gaiak.
Dagoeneko, DBH 3. eta 4. mailei zuzenduta dagoen Zumaiako itsaslabarretako geodibertsitatea ezagutzeko unitatea landu da Algorri Interpretazio Zentroak duen ibilbide eta jakituriaz hizpide gisa erabilita. Hainbat taldeekin metodologia praktikan jarri eta zenbait aldaketa egin ondoren, interesa duen edozein ikastetxeren eskura jarri da unitate didaktikoa. Bigarren jarduera bat prestatzeko prozesua abian da baita ere, kasu honetan, Mutrikuko Nautilus Museoko bilduma balorean jartzea da helburua.