Geodibertsitatearen Nazioarteko Eguna ospatzeko ibilaldi eta bisita gidatu bana antolatu ditu Geoparkeak

2025-09-25

Urtero, urriaren 6an ospatzen da Geodibertsitatearen Nazioarteko Eguna. UNESCOk izendatu zuen eguna geologiak egungo gizartean duen papera nabarmentzeko eta planetaren ondare geologikoaren kontserbazioa sustatu nahian. Hori dela eta, egun garrantzitsua izaten da munduko geoparke guztientzat. Euskal Kostaldeko Geoparkeak larunbatera aurreratuko ditu ospakizunak, herritarrentzat bi ekimen eskainita. 

Urriaren 4an, goizez, Asier Hilarioren eskutik Deba eta Mutriku arteko ibilaldi interpretatua egingo da, batetik; eta, bestetik, Flyscharen ibilbidea txangoa erdi prezioan eskainiko da, arratsaldean.

Goizeko ibilaldirako hitzordua 10:00etan jarrita dago. Debako kirol portutik abiatuko da taldea Mutrikurainoko hiru kilometroko itsas pasealekuan zehar bisita interpretatua egiteko. Geoparkeko Zuzendari zientifikoa den Asier Hilario geologoak gidatuko duen ibilbide gidatuan flysch beltzak eta itsasoak Debako eta Mutrikuko herrien konfigurazioan eta historian izan duten eragina ikusiko dugu. “Duela 100 milioi urteko gertaerak zein azken milaka urteetako itsas gorabeherak azalduz egungo paisaia ulertzeko aukera izango dugu”, azaldu du Hilariok.

Jarduera hau euskaraz egingo da eta doakoa izango da. Irteera gidatua denez, talde murriztua osatuko da eta, hori dela eta, parte hartzeko aurrez izena eman beharra dago labur.eus/geodibertsitatea inprimakia beteta ala Debako Turismo Bulegoan (943 19 24 52).

Arratsalde parterako, 'Flyscharen ibilbidea' bisita erdi prezioan gozatzeko aukera egongo da. Zumaia eta Mutriku lotuko dituen itsas zeharkaldia egingo dugu, Debako kostaldea ere ezagutuz. Irteerak aukera emango digu Geoparkeko itsasertza geologiaz zein kulturaz aberatsa den ikuspegitik bizitzeko. Nabigazioan zehar, flyscharen sekretuak azalduko dizkigute, eta eskualde honetako jarduera nagusiak gogoratuko ditugu: Zumaiako ontzigintza, Debako merkataritza-bizitza eta Mutrikuko balea-arrantza. Gainera, Mutrikura iritsita, ordubeteko tartea izango dugu portua eta Monumentu Multzo izendatua den alde zaharra bisitatzeko. Txangoa Zumaiako moilan hasiko da,16:30ean, eta, guztira, hiru orduko iraupena izango du.

Izen ematea %50eko deskontuarekin: labur.eus/geo25 #geo25 kodea erabilita.

Lurralde baten geodibertsitatea bertako arroka, mineral eta fosilak baino zerbait gehiago dela ulertzen lagunduko digute antolatutako bi ekimenek. Geodibertsitateak, hein handi batean, gure historian, gure kulturan eta gure ekosistemetan eragiten du, eta diruarekin nekez zenbatu daitezkeen onurak eskaintzen dizkigu. Konturatu gabe ere Geodibertsitatea inguratzen gaituzten baliabide askoren atzean dago.

Zatoz, ulertu eta gozatu gure Geodibertsitatea.

 

 

Geodibertsitatearen Nazioarteko Eguna ospatzeko ibilaldi eta bisita gidatu bana antolatu ditu Geoparkeak