2014-06-03
Geoparkearen Astearen baitan, larunbatean, ekainak 7, Geoparkeko I. Nekazaritza Azoka egingo da Deban. Geoparkeko eremu ezberdinetako baserrietan ekoitzitako produktuak salduko dira, salmenta zuzena sustatuz, baina egongo da besterik: ardi ile mozketa erakustaldia, hainbat produktu dastatzeko aukera, haurrentzako tailerrak… Goizeko 9:00etatik 14:00etara, giro paregabea ziurtatuta egongo da Deban.
Europako Geoparkeen IV. Astea ari da burutzen Euskal Kostaldeko Geoparkean. Ekainaren 8ra bitarte hainbat jarduera antolatu dira Zumaian, Deban eta Mutrikun, eta datorren asteburuan ere, egongo da zerekin gozatu.
Larunbatean ‘GeoAzoka’ edo Geoparkeko I. Nekazaritza Azoka egingo da Deban, Alamedan, baserritarren lana ikustarazteko eta baliosteko helburuarekin eta bertako produktuen kontsumoa eta salmenta zuzena sustatu nahirik.
Goizeko 9:00etatik 14:00ak arte, baserritarren salmenta postuak zabalik egongo dira: barazkiak, gazta, txakolina, sagardoa, marmeladak… denera 16 salmenta postu egongo dira. Gainera, Endoiako (Deba) Beliosoro baserriko haragi ekoizleek burutzen duten salmenta zuzenari buruzko informazioa eskainiko da, baita ekoizpen ekologikoari buruzko informazioa ere.
Goizeko 10:00etan "Kalez kale" txistulari taldearen eskutik kalejira egingo da herrian zehar, herritarrei azoka dagoela ohartarazteko.
Txikienek ere izango dute tokia azokan. 11:00etan eta 13:00etan haurrei zuzendutako tailerra egingo da “Goazen merkatura!” lelopean.
Bestalde, helduei zein haurrei zuzenduta, Amaia Diez de Monasterioguren dietistaren eskutik, gosariaren eta meriendaren garrantziaz jabetzeko informazio puntua egongo da. Herritarrek euren kezkak azaltzeko eta zalantzak argitzeko aukera izango dute.
10:30ean hasita ardi ile mozketa erakustaldiak egingo dira eta 12:00etan hainbat produktu dastatzeko aukera izango dute herritarrek: Eusko Label hanburgesa, Getariako izendapena duten Sagarmiña eta Flysch txakolina eta Txindurri Iturriko sagardo ekologikoa.
GeoAzokari amaiera emateko, 14:00etan, baserriko produktuekin osatutako otarra zozkatuko da bezeroen artean. Debako trikitilariek jarriko diote musika egunari eta giro paregabea ziurtatua egongo da goiz osoan zehar.
Xabier Peñalver arkeologoaren hitzaldia Deban, ostegunean
Xabier Peñalver arkeologoak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak Deban eskainiko du hitzaldia ostegunean, hilak 5, “Geoparkeko arbaso zaharrenen argazkia (Ekain, Praileaitz…)” izenburupean. Hitzaldia 19:00etan izango da Ostolaza Kultur Elkartean (gazteleraz).