2015-05-25
Geoparkearen Astearen baitan, gaur asteartea, hilak 26, Xabier Orue-Etxebarria EHUko Paleontologia Katedradunak hitzaldia eskainiko du Mutrikun, “Euskal labeak Geoparkean” izenburupean.
Euskal Kostaldeko Geoparkea Europako Geoparkeen V. Astea ospatzen ari da egunotan. Maiatzaren 31ra bitartean, ia egunero era askotariko jardueratan parte hartzeko aukera dute herritarrek. Adituen hitzaldiak, bisita gidatuak doan edota haurrentzako tailerrak egingo dira Zumaian, Deban eta Mutrikun.
Mutrikuri dagokionez, egitarauaren barruan, aipatzekoa da Xabier Orue-Etxebarria EHUko Paleontologia Katedradunak Mutrikun eskainiko duen hitzaldia, “Euskal labeak Geoparkean” izenburupean. Hitzaldia gaur izango da, asteartean, 19:00etan, Zabiel Kultur Etxean. Hitzaldia gazteleraz izango da.
Gogoan izan, Xabier Orue-Etxebarriak zuzendu ditu, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoen laguntzarekin, Olatzen aurkitutako Zelaitxueta haizeolaren indusketa lanak.
Ostiralean haurrentzako tailerra
Bestalde, ostiralean, maiatzaren 29an, 6 eta 10 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta, “Txio-txioka, Geoparkeko hegaztiekin ezkutaketan” tailer dibertigarria egingo da. Luardo Etxean izango da hitzordua, 17:30ean, eta bi orduz luzatuko da tailerra. Jolasaren bitartez hegaztien mundura hurbilduko dira parte-hartzaileak eta, horrez gainera, hegaztiak entzun, ikusi eta ezagutzeko ibilaldi txiki bat proposatuko zaie. Horretarako, prismatikoak eramatea gomendatzen zaie parte-hartzaileei.