2023-02-03
Dozena bat enpresetako ordezkariak elkartu dira urteko lan-ildoez hitz egiteko.
Geoparkeko Entitate Laguntzaileek bilkura egin dute 2023ko Kudeaketa Planaren berri izan eta aurrera begirako ekimen eta lan-ildoak elkarrekin adosteko. Arbe Hotelak eskainitako gosari oparo baten inguruan elkartu dira 12 Entitate Laguntzaileetako ordezkariak eta Euskal Kostaldeko UNESCOren Geoparkeko kudeatzaile Leire Barriuso eta Turismo teknikari Nerea Gaztelu.
Gaurko topaketan, Debako Arriola Txiki Nekazalturismoa, Arruan Haundi Nekazalturismoa, Eleizondo Landetxea, Itxaspe Kanpina, Lasturko Aterpetxea, Zumardi Pentsioa; Mutrikuko Arbe Hotela; eta Zumaiako Begi Bistan zerbitzu turistikoak, Endañeta-Berri Nekazalturismoa,Santa Klara Nekazalturismoa, Zumaia Kanpina eta Surfing Zumaia enpresek hartu dute parte, hain zuzen. Entitate Laguntzaileen sareak Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo arloko ostatuak eta entitateak biltzen ditu, eta lurraldearekiko atxikimenduak eta iraunkortasunarekiko konpromisoak batzen ditu.
Bertaratu direnak, taldea bateratu, elkarren artean hobeto ezagutu eta Geoparkeak eskaintzen dituen baliabideetako bat bisitatzeko baliatu dute bilera. Mutrikuko Nautilus museoa eta ikasgune geologikoa bertatik bertara ezagutu dute Entitate Laguntzaileek, bertan gordetzen den altxorra miretsiz.