2016-01-21
Fitur turismo azokaren baitan, Basquetourreko zuzendariak, Arantza Madariagak, eta Geoparkeko gerenteak, Leire Barriusok, Euskal Kostaldeko Geoparkea aurkeztu zuten atzo Madrilen.
Zumaia, Deba eta Mutrikuko herriek osatua, Euskal Kostaldeko Geoparkeak ondare geologiko, natural eta kultur aparta du, eta natura-turismo eta geoturismoaz gozatzeko Euskadin daukagun proposamen erakargarrienetakoa dugu. Basquetourreko zuzendariak, Arantza Madariagak, duela gutxi eskuratu duen UNESCOren Munduko Geoparke izendapena nabarmendu zuen.
Geoparkeko Turismo Bulegoko datuen arabera, 2015ean Geoparkeko bisita gidatuak egin zituzten lagunen kopuruak %48 egin zuen gora, aurreko urteko datuekin alderatuz. Guztira, 9.743 lagunek hartu zuten parte iaz Geoparkeak eskainitako irteera gidatuetan.
Aurtengo denboraldiari begira, Geoparkea bisita gidatuen programazio berria prestatzen dabil buru-belarri. Programazio zabala, anitza eta erakargarria izango da, bertako ondare geologiko, natural eta kulturalaren dibulgaziora bideratuta. Gainera, zalantza gabe, duela gutxi eskuratu den UNESCOren izendapenak bisitari gehiago erakarriko ditu Zumaiara, Debara eta Mutrikura.
Atzo Fitur azokan egin zen aurkezpen ekitaldian izan ziren Geoparkea osatzen duten hiru herrietako ordezkariak, alkateak buru (Zumaia, Deba eta Mutriku). Halaber, Debabarrena eta Urola Kosta eskualdeetako ordezkariak ere bertan izan ziren (argazkia).