2013-02-13
Lurraldeak duen ondare natural, geologiko eta kultural oparoa bisitariari gerturatzeko asmoz, Euskal Kostaldeko Geoparkeak Interpretazio Plana burutu du, Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietan inplementatzeko (Deba, Mutriku eta Zumaia). Bisitariei transmititu beharreko mezu nagusiak ere jasotzen ditu dokumentuak.
Atzo, asteartea, Mutrikuko Zabiel Jauregian Euskal Kostaldeko Geoparkearen Interpretazio Planaren aurkezpena egin zen, dokumentua idatzi duen lantalde teknikoaren eskutik. Lantaldea Jordi Pardo Unesco-ko aholkulari eta proiektu kulturaletako kudeatzaileak zuzentzen du eta kide ditu Jakoba Errekondo paisajista, Hector Fano geologoa eta Manu Izagirre ondarean aditua.
Ekitaldiak ikusmin handia sortu zuen, 60 bat lagun batu zituen denera. Horien artean ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendari Roke Akizu eta Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietako alkateak, Maider Zubikarai (Deba), Iñaki Agirrezabalaga (Zumaia) eta Mutrikuko alkate Joseba Palenzuela. Halaber, bertaratutako askok dute lotura turismoaren sektorearekin.
Mutrikuko Alkate Joseba Palenzuelak eta Geoparkeko Gerente Leire Barriusok egin zuten aurkezpena; ondoren, lantalde teknikoko zuzendari Jordi Pardok hartu zuen hitza, Interpretazio Planaren helburuak eta lerro nagusiak azaltzeko.
Planaren helburu nagusia erreminta bat eskura jartzea da, Geoparkearen interpretazioarekin zerikusia duten jardueren planifikazioa ahalbidetuko duena, jasangarritasun irizpideen araberakoa eta etorkizuneko mantenu kostuen arrazionalizazioan, jardueraren egokitasunean, erabilera turistiko arduratsuan, bertako herritarren erabilera egokian, ingurumenaren gaineko inpaktuaren kontrolean eta sortzen diren produktu edo zerbitzu interpretatiboen bideragarritasun ekonomikoan oinarrituz.
Interpretazio Planak Geoparkera hurbiltzen diren bisitariei zer kontatuko zaien, non eta nola, jasotzen du. Planak diskurtso bateratu bat proposatzen du geologia eta planetaren historia kulturarekin eta gizakiak geologia horri eman dion erabilerarekin uztartzen duena, Europako aurrehistoriako paisaia kultural bizia osatzen duena Geoparkean.
Diskurtso honetan oinarrituz, Interpretazio Planak hainbat jarduera aurreikusten ditu hiru udalerrietan, hala nola, egungo azpiegiturak hobetzeko lanak, azpiegitura berrien eraikuntza, Geoparkearen bisibilitatea hobetuko duen bide-seinalizazioa, ibilbide gidatuak eta Geoparkea hobeto ulertzea ahalbidetuko duten ikus-entzunezkoak edota koba bat museo bihurtzea.
Proiektu hauek guztiak fase ezberdinetan garatuko dira, Geoparkearen bilakaera garbi baten baitan, baliabideen disponibilitatearen arabera. Premiazko jarduerak izango dira burutuko diren lehenengoak, epe motzean, eta proposaturiko diskurtsoa martxoan hasiko den 2013ko bisita gidatuen programaren gidoian sartuko da pixkanaka.
Amaitzeko, Pardok garbi utzi zuen proiektu hau dinamizatu ahal izateko ezinbestekoa dela gizarteak proiektu hau ezagutzea, oinarri soziala zabaltzea. Honela, Planak komunikazio, elkarrizketa eta partaidetza prozesu bat abian jartzea jasotzen du.
Atzo aurkeztutako Interpretazio Plana deskargatzeko klikatu hemen.