Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmena sinatu dute, lurraldean ingurune naturala babestu eta jasangarritasuna sustatzeko

2014-07-09

Hitzarmen honek Euskal Kostaldeko Geoparkearen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlanean sakontzea eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen lurraldean (Zumaia, Deba eta Mutriku) ingurune naturala babesteko zein jasangarritasuna sustatzeko ekintzak burutzea du helburu. Hitzarmen honen iraupena hiru urtekoa izango da, 2016ra arte.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburuak, Ana Oregik, eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko presidente eta Mutrikuko alkateak, Joseba Palenzuelak, hiru urteko iraupena izango duen lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur. Akordio honen helburua da bi erakundeen arteko elkarlanean sakontzea eta ingurune naturala babesteko zein jasangarritasuna sustatzeko ekintzak burutzea, hala nola, ikerketa geologikoarekin, geokontserbazioarekin, dibulgazioarekin edota iraunkortasunerako heziketarekin loturiko proiektuak abiaraziz.

Hain zuzen, hauek dira hitzarmenaren ildo nagusiak:

  • Geodibertsitatearen estrategia.
  • Biodibertsitatearen estrategia eta natura gune babestuak.
  • Jasangarritasunerako hezkuntza.

Lehendabiziko urtean hastapeneko lanak egingo dira, diagnosia eta helburuak finkatzea; eta, bigarren urtetik aurrera, proiektu zehatzak garatuko dira.

Argazkian, Iñaki Agirrezabalaga, Zumaiako alkatea, Ana Oregi Ingurumen Sailburua, Joseba Palenzuela, Mutrikuko alkatea, Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate zuzendaria eta Maider Zubikarai, Debako alkatea

EAEko Geodibertsitate Estrategia 2020

Euskal Kostaldeko Geoparkeak Eusko Jaurlaritzarekin sinatu duen lankidetza hitzarmenak aurreikusten dituen jarduerak 2020ra arteko EAEko Geodibertsitate Estrategiaren baitan kokatzen dira. Hain zuzen, Euskadiko ondare geologikoa babesteko eta kudeatzeko irizpide orokorrak biltzen dituen Estrategia gaur aurkeztu du Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburuak, Ana Oregik, akordioa sinatu aurretik.

Euskal Autonomia Erkidegoan dugun ondare geologikoa garrantzitsua da nazioartean; munduan 64 estratotipo daude eta horietatik hiru bertan dauzkagu. Denbora geologikoa bereizten duten tarteen arteko aldeak ondoen erakusten dituzten lekuak dira estratotipoak, eta Euskadin hiru daude: bi Zumaian, Euskal Kostaldeko Geoparkean, eta bat Getxon.

150 Geologia Interesgune

Ana Oregi Sailburuak Geodibertsitate Estrategian jasotzen den “EAEko Interesgune Geologikoen Inbentarioa” ere eman du ezagutzera. Ondarearen ezagutza lortze aldera, inbentarioak 150 toki biltzen ditu, bakoitza bere fitxarekin eta dagokion informazioarekin: informazio geografikoa, geologikoa, ingurumen- eta lurralde-informazioa, informazio kulturala, erabileraren balorazioa eta lekuen zaurgarritasuna. Euskal Autonomia Erkidegoko 150 Geologia Interesguneetatik 16 Euskal Kostaldeko Geoparkean daude.

Itzurun hondartzan, Ana Oregi sailburua eta Amaia Barredo, Asier Hilario Geoparkeko Zuzendari Zientifikoaren azalpenak entzuten


Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmena sinatu dute, lurraldean ingurune naturala babestu eta jasangarritasuna sustatzeko