2013-11-22
Historiaurrean klima eta paisaia nolakoa zen aztertzea eta ezagutzea ahalbidetuko du hitzarmen honek, eta dibulgaziorako material didaktikoaren sorkuntza.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak lankidetzarako hitzarmen-markoa izenpetu dute gaur goizean, Geoparkeko Karst eremuaren ikerketa eta dibulgazioaren alorrean bi erakundeen arteko elkarlana sustatzeko. Hain zuzen, Geoparkeko ondare karstikoa Deba, Mutriku eta Zumaia inguruneko elementu geologiko bereizgarrienetako bat da.
Akordioaren aurkezpena Deban egin da, Geoparkearen egoitzan, eta bertan egon dira: Joseba Palenzuela, Geogarapen elkarteko presidentea, Juantxo Agirre, Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia eta Arantza Aranburu, EHUko irakaslea, Aranzadi eta Kuaternario ikaskuntzaren Geo-Q Zentroko kidea eta Karstaren ikerketa taldeko arduraduna.
Hitzarmenaren helburuak
Kostaldeko Flyscharen geruzek Geoparkearen antzinako historia kontatzen duten moduan, milioika urtetan zehar, barnealdeko bailara eta haitzuloek oraintsuagoko informazioa gordetzen dute klimaren bilakaera eta egungo paisaiari dagokionez, orain dela milaka urtetakoa. Karstaren mundu misteriotsua da.
Ezagutza esparru hau gutxi aztertu da orain arte, baina berebiziko garrantzia du Geoparkearentzat, Ekain edota Praileaitzen bizi ziren arbasoei buruzko datu interesgarriak eskaintzen dizkigulako. Halaber, Karsta ikertuz kuaternarioan Geoparkean gertatu ziren klima gorabeherak ezagutu ahal izango dira.
Honegatik guztiagatik, Geoparkeko Karstak geologia eta arkeologia lotzeko aukera ezinhobea eskaintzen digu, baita lurraldearen barnealderako intereseko diskurtso bat osatzeko ere.
Helburu honekin izenpetu du Geoparkeak lankidetza-hitzarmena Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Arantza Aranburu irakaslearen gidaritzapean ikertzen diharduen lantaldearekin. Hain zuzen, lantalde honek urte batzuk daramatza karstaren eremuan lanean. Besteak beste, talde honek egindako lanen artean dago Praileaitz kobazuloaren karakterizazio geologikoa.
Lankidetza-hitzarmenak beste helburu batzuk ere baditu:
Geoparkeak 2013an burutu duen inbentarioan jasotzen diren interesgune geologikoen ikerkuntzan sakontzea.
Geoparkeko lantaldea aholkatu Geopakearen interpretazio programarekin bat datorren diskurtso didaktikoa osatzeko.
Geoparkearen eremuan bisitagarriak izan daitezkeen haitzuloak identifikatu eta geologia eta arkeologia uztartuko dituen diskurtso interpretatiboa osatzen lagundu.
Hitzaldiak egin Geoparkeko biztanleei egindako lanen berri emateko.
Karstaren ondarea ezagutzera emateko ikus-entzunezko berria
Debako Kultur Elkarteak Alberto Gorritiberea zinegileak zuzendutako “Karst” ikus-entzunezkoaren estreinaldia hartuko du gaur arratsaldean, 19:30ean.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak aurrera daraman dibulgazio-lanaren baitan kokatzen da ikus-entzunezkoa. Geoparkeko biztanleentzat zein lurraldearen barnealdeko bailara ederrak ezagutzera hurbiltzen diren bisitarientzat baliabide didaktiko gisa erabili ahal izango da.
Ikus-entzunezkoak 13 minutuko iraupena du eta lehendabiziko aldiz erakutsiko da Deban. Geoparkeko Karstaren unibertsoa landu du Gorritibereak lan honetan, ikus-entzunezko iradokitzailea eginez, Geoparkearen barrualdeko munduaren konplexutasuna erakutsiz. Arantza Aranburu geologoak eta Xavier Peñalver arkeologoak hartu dute parte ikus-entzunezkoan.
Bideoaren emanaldiaren ostean, Geoparkearen lurrazpiko munduak ezkutatzen duen informazioa zuzenean ezagutzeko aukera izango dute gaur Debara hurbiltzen diren herritarrek, Geoparkeko haitzuloak ikertzen diharduen lan-taldeko buru den Arantza Aranburu EHUko Irakaslearen eskutik.
Ikus-entzunezkoa ikusi: