Euskal Kostaldeko Geoparkeak bisita gidatuen denboraldi berriari ekin dio

2014-04-10

Berrikuntzen artean daude: “Karsteko zaporeak” izeneko proposamen berria, lurraldearen barnealdea ezagutzera eman asmoz, eta Zumaiako natur guneei buruzko informazioa jasotzen duen smartphoneentzako aplikazio berria.

Ezkerretik eskubira: Iñaki Agirrezabalaga, Zumaiako alkatea; Jon Peli Uriguen, GFAko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatua; Joseba Palenzuela, Mutrikuko alkatea eta Geoparkeko presidentea; eta Maider Zubikarai, Debako alkatea

Deba, Mutriku eta Zumaiako udalerriek osatzen dute Euskal Kostaldeko Geoparkea eta Gipuzkoako lurraldean daukagun proposamen berezi eta erakargarrienetako bat dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Geoparkeak elkarlanean dihardute natura-turismoaren eskaintza garatzeko, eta Geoparkea Gipuzkoako lehen kultur eskaintza bilaka dadin. Horretarako, hainbat urrats eman dira. Azkena, duela aste gutxi aurkeztu zen begiratokien ibilbidea, 55 kilometro dituen ibilbide gidatua, bisitariek euren kabuz inguruko leku interesgarrienak bisitatzeko aukera izan dezaten, eta Geoparkearen ikuspegi osoa jaso eta bertako balio natural eta kulturalak ezagutu ditzaten. Aurrera begira ere, Aldundiak erabateko konpromiso du Geoparkearen proiektuarekiko.

Geoparkeko bisita gidatuen 2014ko programa “Flysch & Karst Experience” lelopean aurkeztu da. Denboraldia abendura arte luzatuko da. Geoparkeak publiko zabalari zuzendutako era guztietako proposamen erakargarriak jaso ditu aurten ere, geure ondare geologikoa eta kulturala ezagutzera eman eta zabaltzeko asmoz. 

Berrikuntza ugari dakar aurtengo programak. Horien artean, aipatzekoa da bisita gidatu kopuruaren gorakada nabarmena. Iazko denboraldian 213 irteera programatu ziren; eta aurten 269 bisita eskainiko dira. Lorpen garrantzitsua da Geoparkearentzat, ezbairik gabe. Egutegi zabal hau 10 proposamen desberdinetan oinarritzen da, hau da, Geoparkea ezagutu nahi duten bisitariek 10 proposamenen artean egin ahal izango dute aukera.

Uda garaian (ekainaren 15etik irailaren 15era) eskaintza nabarmen handituko da eta ordutegi gehiago eskainiko dira, bisitarien eskariari erantzun egokia eman nahian. Izan ere, urtez urte, gero eta gehiago dira Geoparkera hurbiltzen diren bidaiariak. 2013an irteera gidaturen bat egin zuten bisitarien kopuruak %10 egin zuen gora aurreko urtearekin alderatuta. Igoera handiena atzerritarren artean eman da; 2012. urtearekin alderatuta, iaz turista atzerritarren kopuruak  %6 egin zuen gora.

Era berean, turisten joan-etorria kostaldetik barnealdera eramateko ahaleginean, Geoparkeak proposamen berri bat gehitu du: “Karstaren zaporeak”. Bisitariak oinez bisitatuko du uraren higadurak sortu duen Olatzeko bailara ezkutua, kareharrizko piramide handien artean, uraren ibilbide harrigarria jarraituz eta paisaia karstiko bereziaren elementu nagusiak ikusiz. Txangoan Goienetxe euskal baserri tipikoa ezagutuko du, artalde bat ikusi, gaztagintzan parte hartu eta, amaitzeko, gazta eta txakolina dastatzeko aukera izango du.

Bestalde, aurtengo programak bisitarien artean arrakasta handia duten bi irteera mantentzen ditu: “Flyscharen Ibilbidea” eta “Artzain Txikiak”. Biak ala biak ‘Top Esperientzia’ dira Basquetourrentzat.

Bisita gidatuen gaineko informazio osoa eta egutegia webgunean kontsulta daiteke. Halaber, bisita gidatuetarako erreserbak webgunean bertan egin daitezke, on line, modu erraz eta erosoan, baita Mutriku, Deba eta Zumaiako Turismo Bulegoetan ere.

 

Zumaiako natur guneei buruzko aplikazio berria, “Zumaia Audio Gida APP”

Berrikuntzen artean, halaber, Zumaiako Udalak garatu duen iPhone eta Android mugikorretarako doako aplikazioa aipatu behar dugu. Zumaiako natur guneak audio-giden bitartez ezagutzeko aplikazio erabilgarri eta erakargarria, hain zuzen ere. Algorri Interpretazio Zentroaren webgunean ere, www.algorri.eu, badago aukera aplikazioa zuzenean deskargatzeko.

Aplikaziora sartzean, hiru hizkuntzatan landutako edukiak aurkituko ditugu (euskara, gaztelera eta ingelesa) eta erabiltzaile orok bere kabuz erraz osatu ahal izango ditu bertan bildutako hiru ibilbideak: irteera geologikoa Flyschera, marearteko eremua ezagutzeko ibilaldia, eta, hirugarrena, Urolako itsasadarra ezagutzeko ibilbidea. 

Aplikazioak audio, argazki eta testuak biltzen ditu eta eskuratu ahal izango dugu ibilbide bakoitzaren track-a zein intereseko puntu guztien kokapena mapan.

APP berri honek herritarrei zein bisitariei Zumaiako geologia eta natur ondareari buruzko informazioa zabaltzea du helburu, modu erakargarri eta intuitibo batean.

 

Nazioarteko bokazioa: webguneko edukien itzulpena eta audiogidak ingelesez eta frantsesez

Euskal Kostaldeko Geoparkean daukagun aparteko ondare geologiko, paisajistiko eta kulturalak mundu mailan kokatzen gaitu eta, honenbestez, Geoparkearen nazioarteko bokazioa eta proiekzioa geroz eta handiagoa da.

Lehen esan bezala, gero eta gehiago dira bertako eskaintzak erakarrita Geoparkera hurbiltzen diren bisitari atzerritarrak, eta hori dela eta,  www.geoparkea.com atariko eduki nagusia -orain arte euskaraz eta gazteleraz- ingelesera eta frantsesera itzuli da.

Gainera, audio-gida gehiago prestatu dira, ingelesez eta frantsesez, atzerritik datozen bisitariei eskaintzeko. Iaz jarri zen martxan ekimena, proba gisa, eta arrakasta itzela izan zuen. Hain zuzen, “Zumaia-Deba-Zumaia” izeneko bisitan eskaintzen dira audio-gida hauek, Deba eta Zumaia arteko flyschgune garrantzitsua ikusteko aukera ematen duen itsas-txangoan, alegia.

 

Geoparkeak aurtengo udan pasa beharko du errebisioa

Euskal Kostaldeko Geoparkea 2010. urteaz geroztik da Geoparkeen  Europako zein Munduko Sareko kide. Sareek UNESCOren babesa dute eta plataforma ezinhobea dira lurraldearen promoziorako eta garapen jasangarrrirako.

Sareko kide guztiek, lau urterik behin, Geoparke izaera berresteko azterketa zorrotza gainditu behar dute, Sareko kide izaten jarraitzeko, alegia. Honela, Euskal Kostaldeko Geoparkeak uda honetan jasoko du Geoparkeen Europako Sareko ebaluatzaileen bisita. Oraindik bisita hau zein data zehatzetan izango den ez dute jakinarazi baina ekainean izango dela aurreikusten da.

Egun, Geoparkeen Europako Sarea 58 geoparkek osatzen dute, Europako 20 herrialde baino gehiagotan banatuta. Sareak helburu hirukoitza du: geodibertsitatea babestea, herritarren artean ondare geologikoaren sustapena, eta lurralde hauen garapen ekonomiko jasangarria bultzatzea, batez ere, geoturismoaren bitartez. 

None
Euskal Kostaldeko Geoparkeak bisita gidatuen denboraldi berriari ekin dio