Egun hauetako marea biziekin batera Geoparkeko marearteko zabalgunea ezagutzeko aukera

2014-09-10

Urteko marearik bizienak direla eta, Euskal Kostaldeko Geoparkeak datozen egunetarako antolatu dituen bisita gidatuen artean irteera bereziak eskainiko ditu marearteko zabalgunea ezagutzeko, labarren oinarrian azaleratzen den plataforma harritsua, alegia.

Urteko marearik bizienak izango ditugu euskal kostaldean datozen egunetan. Zalantzarik gabe, ikusmin handia sortzen duen gertaera da eta ezin hobea Euskal Kostaldeko Geoparkeko flyscha deskubritzeko.

Gertakari natural hau dela eta, itsasoa urteko mailarik altuenera igo eta baxuenera jaisten da. Hori dela eta, Geoparkeak marearteko zabalgunea ezagutzeko bisitak antolatu ditu datozen egunetarako.

'Marearteko zabalgunea' deritzon bisita honek “biologiari erreparatzen dio batez ere. Itsasbehera oso behean dagoenean bakarrik egin daiteke. Gidari espezializatu baten laguntzaz, marearteko zabalgunea ezagutuko dugu, labarren oinarrian azaleratzen den plataforma harritsua. Oso ekosistema aberatsa dauka: itsas izarrak, olagarroak, itsas erbiak eta bestelako izakiak aurkituko ditugu; kolore eta forma anitzetako bizitza zabalduko zaigu begien aurrean.”

Honela, datozen egunetan hiru bisita eskainiko dira: 

  • Bihar osteguna, irailak 11, goizeko 10:00etan (gazteleraz)
  • Larunbatean, irailak 13, bi irteera egingo dira, goizeko 11:30ean biak. Bata euskaraz izango da (Sakonetaraino hurbilduko dira) eta bestea gazteleraz (Zumaian)

Bai ostegunerako bai larunbaterako tokia dago oraindik.

Bisitaren iraupena 3 ordu eta 15 minutukoa da eta prezioa 15 eurokoa (12 urtetik beherakoentzat 8 €). Gomendagarria da haitzetan ibiltzeko oinetako egokiak eta ura eramatea.

Marearteko zabalgunea kontu handiz zaindu beharreko ingurua da. Horregatik, ingurumenarekiko errespetuz jokatzea eskatzen diegu egunotan hurbilduko diren bisitariei. 

Informazio gehiago www.geoparkea.com webgunean eskura daiteke. Halaber, bisita gidatuetarako erreserbak webgunean bertan egin daitezke, modu erraz eta erosoan, baita Mutriku, Deba eta Zumaiako Turismo Bulegoetan ere.

Egun hauetako marea biziekin batera Geoparkeko marearteko zabalgunea ezagutzeko aukera