Debako Udalak eta Geoparkeak HAB Historiaurreko Bailara proiektuaren ibilbidea aurkeztu dute

2023-03-24

 Eboluzioa irakurtzeko aukera paregabea ematen du Deba bailarako ondareak

 

Debako Udalak Euskal Kostaldeko Geoparkearen testuinguruan garatu duen proiektua da Historiaurreko Bailara (HAB). Hainbat ekimen egon dira azkenengo urteetan Deba bailaran dagoen ondare arkeologikoari balioa emateko, beharbada, Kantauriko arku osoko Paleolito garaiko aztarnategien kontzentrazio eta dentsitate handieneko tokia baita. Horren adibide dira, besteak beste, bertan aurkitzen diren Ermittia, Praileaitz, Langatxo eta Iruroin haitzuloak.

Debako alkate Gilen Garciak, Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerente Leire Barriusok eta Euskal Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilariok aurkeztu dute ekimena gaur, martxoak 24. Debako alkateak nabarmendu du, “proiektu honekin Debaren ondarearen garrantzia aitortzen da Geoparkearen bitartez, eta aldi berean Geoparkeak egiten duen lana eta eskaintza indartu egiten da”. Esan du, baita ere: “kultura eta turismo produktu erakargarri bat izateko jaio da HAB, herritarrei beraien historiaurrea hobeto ezagutzeko aukera emango diena. Azken finean, Debako herria historiaurrearen ezagutzan eta interpretazioan erreferente bat bihurtzea da helburua”.

Dagigun partaidetza prozesuaren abiapuntu ere izan da proiektu hau Debako udalerrian, alkateak gogorarazi duenez, “lan egiteko modu berri eta berritzailea ekarri duena”, azaldu du.

Euskal Kostaldeko Geoparkearen eskaintza zabaldu egiten dela adireazi du Leire Barriusok: “Geoparkea bereziki Flysch-arekin lotu izan da, baina hori baino gehiago da, eta honek hori erakusten du. Geoparkea kulturan oinarritutako garapenerako tresna bat da eta proiektu honekin kulturarekin eta hizkuntzarekin lotutako dibulgazioa egiten da”.

Debako Udalak 380.000 euroko inbertsioa egin du proiektuan beste administrazio batzuen laguntzari esker. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, Itsaspen Programatik 45.700 euro eta Kultura Sailetik 91.600 euro bideratu ditu egitasmora. Erakunde askoren elkarlanaren emaitza da HAB, hala nola, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saila, Debegesa, Mutrikuko Udala, Uraren Euskal Agentzia, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza eta Euskadiko Kirol Portuena.

Zuzendaritza zientifikoaren aholkuaren menpean landu da proiektua, Aranzadi Zientzia Elkarteko Xabier Peñalver, UPV/EHUko Jose Antonio Mugica arkeologoa Asier Gomez paleontologoa, Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilario , Gordailua eta Bizkaiko Arkeologi Museoa ere bidelagun izan ditugularik.

Udalak eta Geoparkeak eskertu dute ibilbidean zehar sortu diren hainbat guneetako lurjabeek (Goikoetxe eta Istiña baserriko jabeak eta Inmaculada Boneta andrea, hain zuzen) izan duten borondate ona beraien lurrak erabiltzeko aukera eman dutelako.

HAB panela 

 

Zer erakusten da?

Deba bailaran duela 200.000 eta 15.000 urte bitarte bizi izan den gizakia, animaliak eta hauen arteko harremanak nolakoak ziren ulertuko dugu HABi esker. Gure geografian eman diren klima-aldaketak utzi diguten arrastoak aztertuz, Paleolitoko gizakiaren bizi-baldintzak eta baliabideak ezagutuko ditugu. Geologia, klima-aldaketak, basoak eta gizakien sorkuntzak zein animalien arrastoak aztertuz, paisaiaren eraldaketa, eta berarekin batera, gizakiaren garapenaz jabetuko gara. Itsasertza, ibaia, karst pinakularrak eta estuarioaren garrantzia zein den erakutsiz, eta, ondorioz, Debako paisaiari bere balioa emanez.

Asier Hilariok azaldu du Deban egitearen arrazoia: “Kantauri isurialdeko aztarnategien kontzentrazio handiena dago ingurune honetan, 20 bat, eta Deba da erdigunea. Hortaz, datu asko ditugu aztertzeko. Eboluzioa irakurtzeko aukera ematen digu. Oso aukera ona da leku bakar batean historiaurrea ezagutzeko”. Halaber, aipatu du, HABk erakusten duela eboluzio kulturala, inguruak eta klimak hori baldintzatu izan dutelako.

HAB egitasmoaren bolumena eta aurrekontua kontutan izanda, proiektua faseka egitea aurreikusita dago. Ibilbidea da proiektuaren lehen fasea, ez dago oraindik erabat osatuta baina lehen esku-hartze honekin estuarioan hasi eta Sasiolako begiratokira doan bidea aire libreko museo bihurtu dugu. Euskarri ezberdinen bitartez (panelak, mahaiak eta aztarnen errepliken bitartez) paisaia, basoa, Itsas mailaren aldaketak, fauna eta gizakia nolakoak ziren ezagutuko dugu. Helburu nagusia Deba bailarako ondare arkeologikoaren garrantzia agerian uztea da eta, aldi berean, historiaurrearen inguruan ikerketa, kontserbazioa eta hezkuntza bultzatzea.

 

 

Debako Udalak eta Geoparkeak HAB Historiaurreko Bailara proiektuaren ibilbidea aurkeztu dute