Debako Mendata ikastetxeko ikasleen bisita Geoparkearen Gunera

2014-06-19

Atzo eta gaur, Debako Mendata ikastetxeko 2., 3., eta 4. mailako ikasleen bisita jaso dugu Geoparkearen Gunean. 14 eta 16 urte bitarteko 150 gazte inguru pasa dira bertatik, taldeka, eta Debako turismo bulegoan zabaldu berri den erakusketa gunea ezagutzeko aukera izan dute.

Gune honek Geoparkearen balio garrantzitsuenak biltzen ditu eta Geoparkeko altxorrik preziatuenak bertatik bertara ikusteko aukera eskaintzen du, hala nola, Debako Septarea bitxiak, Mutrikuko Ammonite erraldoi bat, Zumaiako arrasto fosilak, duela 100 milioi urte bizi izan zen koral adarkatu bat,  estalagmita baten sekzioa non bere eraztunetan azken milaka urteetako klima aldaketak irakur daitezkeen eta, azkenik, erakusketako harribitxia: Venusaren eta 14 piezaz osaturiko Praileaitzeko lepoko famatuaren erreplika zehatz bakarra.

Ekimen honekin sustatu egin nahi da gazteen artean geologiarekiko interesa eta Geoparkeko ondare geologiko eta naturalaren ezagutza.

Eskerrik asko eta hurrengora arte!


Debako Mendata ikastetxeko ikasleen bisita Geoparkearen Gunera