Bisitari kopuruak gorakada nabarmena izan du Euskal Kostaldeko Geoparkean udan

2014-09-24

Geoparkeak eskaintzen dituen bisita gidatuetan parte hartu duten pertsona kopuruak %48 egin du gora, iazko datuekin alderatuz.

Euskal Kostaldeko Geoparkea sendotuz doa Gipuzkoa zein Euskadi mailan destino turistiko erakargarrienen artean. Hain zuzen, aurtengo udan Geoparkeak eskaintzen dituen bisita gidatuez gozatu duten pertsonen kopuruak %48 egin du gora (ekainaren 1etik abuztuaren 31ra).

Bisita gidatuen programari apirilean eman zitzaion hasiera eta ordutik 5.046 lagunek hartu dute parte proposamen hauetako batean, 2013. urte osoan baino gehiago. Geoparkeak geoparkea.com webgunearen bitartez publiko zabalari zuzendutako 10 proposamen turistiko eskaintzen ditu, ondare geologikoa eta kulturala ezagutzera eman eta zabaltzeko asmoz.

Hilabetez hilabete, ekainean bisita gidaturen bat egin zuten bidaiarien kopuruak %96 egin zuen gora; uztailean, gorakada %15,5ekoa izan zen; eta abuztuan, berriz, %62koa.

Halaber, azken urteetako tendentziari jarraituz, gora egin du erreserba on line egiten duten bisitarien kopuruak, geoparkea.com webguneko erreserba zentralaren bitartez. Hain zuzen, erreserba guztien %55 egin dira on line.

Estatuko turisten igoera

Bisita gidatuez harago, Zumaia, Deba eta Mutrikuko turismo bulegoetan ere iaz baino bisitari gehiago izan dituzte. Ekainaren 1etik abuztuaren 31ra, hiru turismo bulegoetara 42.295 bisitari hurbildu dira informazio eske, 2013an baino %24 gehiago.

Bisitarien jatorriari dagokionez, bulegoetatik igaro diren bidaiarien %47 estatukoak ziren, batez ere katalanak, eta ondoren madrildarrak, valentziarrak eta andaluziarrak.

Nazioarteko turistei dagokienean, bisitarien %22 izan dira. Herrialdeka, frantsesak izan dira nagusi, eta ondoren alemaniarrak eta holandarrak.

Gainerakoak (%31) Euskaditik etorritako bisitariak izan dira.

Hazkunde handiena estatuko turisten artean izan da, %49ko gorakadarekin; nazioarteko turismoak, berriz, %5 egin du gora.

Bisitari kopuruak gorakada nabarmena izan du Euskal Kostaldeko Geoparkean udan