2021-09-16
Uda honetan Geoparkea bisitatu duten lagunen kopuruak gora egin du iazko eta 2019ko datuekin alderatuta. Ekainean, uztailean eta abuztuan, guztira 12.974 lagunek parte hartu dute Geoparkeak eskainitako bisita gidatuetan; iaz, 10.275 izan ziren eta 2019an 12.868. Bestalde, Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo bulegoei dagokienean, ekainaren 1etik abuztuaren 31ra, 21.552 bisitari hartu dituzte, iazko bikoitza.
“Gutxigatik bada ere, 2019eko datuak gainditzea oso albiste ona da Geoparkearentzat” eta horrek Geoparkearen geoturismo eskaintza aproposa dela bermatzen duela uste du Geoparkeko kudeatzailea den Leire Barriusok. “Esfortzu handia egin dugu urtean zehar irteera gidatuen programa mantentzeko” gogorarazi du Barriusok; izan ere, Geoparkeak, bisitariak jaso ezin zituenez, doako bisita gidatuak eskaini zizkien Deba, Zumaia eta Mutrikuko herritarrei beren herrietako ondare geologiko, natural eta kulturalaz gozatzeko.
Nazioarteko mugikortasunean mugak daude oraindik, horregatik, aurten, Estatuko turismoan oinarritu da jarduna: Zumaian eta Mutrikun % 80 eta % 76 Estatuko bisitariak izan dira eta Deban % 40. Madriletik, Valentziatik eta Kataluniatik etorri dira batez ere. Erkidegoko bisitari kopuruak behera egin du aurten eta atzerritar gehiago hurbildu dira gure kostaldera aurreko urteko datuak alderatuz.
Sasoiak utzi duen emaitza positiboen ostean, urtero bezala, udazkenean ere bisita gidatuak eskainiko ditu Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak. Urrian, egunero eskainiko ditu bisita gidatuak, astelehenetan izan ezik, Geoparkeko balio natural eta kultural itzela ezagutzera emateko helburuarekin. Azaroan, ordea, astelehen eta asteazkenetan izan ezik, asteko beste egunetarako proposamenak prestatu ditu Geoparkeak eta abenduan, irteera gidatuak astebururo eta jaiegunetan eskainiko dira.
Bisita gidatuen egutegi osoa webgunean kontsulta daiteke eta bertan egin daitezke erreserbak online.