2011-11-15
Munduan ezagutzen den Saerichnites handiena berreskuratu da berriki Itzurungo labarretatik. Fosilaren aurkezpena datorren asteazkenean egingo da, hilak 16, Algorri ezagutza etxean, Juan Carlos Gutierrez CSIC-eko ikerlariaren eskutik.
Euskal Kostaldeko Geoparkean albiste onak ditugu. Saerichnites izenarekin ezagutzen den iknofosil ikusgarria berreskuratu da berriki Zumaiako Flysch-aren sekzioan, Deba eta Zumaia arteko itsasertzeko Babestutako Biotopoan. Fosila oso egoera onean dago eta munduan ezagutzen den handiena da. Egindako lana Biotopoaren kudeaketa organoak kudeatu du eta lanak Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek egin dituzte. Azken urteetan aurrera eramaten ari den geokontserbazio politikaren baitan kokatzen da lana.
Aztarnak gutxi gorabehera 1,6m neurtzen du eta Zumaiako Algorri ezagutza etxeari emango zaio, aurrerantzean publikoak bisita dezan.
Iknofosilaren aurkezpena datorren asteazkenean egingo da, hilak 16, Algorri ezagutza etxean, 19:00etan. Ekitaldia Biotopoko koordinatzaile zientifikoak, Asier Hilario doktoreak aurkeztuko du eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko (CSIC) geologo Juan Carlos Gutierrezek hitzaldia eskainiko du Zumaiako iknofosilen garrantziaren inguruan.
Ekitaldi berean Algorriko ezagutza etxean, Jesus Mari Narvaez mutrikuarraren laguntzarekin azken urteetan jasotako ikno bilduma bikaina emango da ezagutzera.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak aparteko balio geologikoa du, munduan garrantzitsuenetarikoa, eta aurkitu berri den pieza esanguratsu honi esker sendotu egin da hau.