2013-05-21
Europar Geoparkearen Astearen baitan, datorren larunbatean, maiatzak 25, Ate Irekien Jardunaldia egingo da Nautilus Ikasgune Geologikoan, herritarren artean Mutrikuko historia geologikoa ezagutzera eman asmoz.
Sarrera irekia izango da egun osoz, doakoa, goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 19:00etara. Egun osoan zehar bisita gidatuak egingo dira eta ikus-entzunezko bat ikus ahal izango da.
Egun berean, 12:00etan, “Mutrikuko flysch beltza. 110 milioi urteko historia” liburuaren aurkezpena hartuko du Nautilus Ikasgune Geologikoak. Bertan izango dira Jesus Mari Narvaez, Nautiluseko fosil bilduma ederraren jabea eta urteetan zehar fosil ikusgarri hauek labarretatik erreskatatu dituen pertsona bere emazte Espe Azkarragarekin batera, eta Jose Angel Torres Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea eta liburuaren idazlea.
Herritarrak gonbidatuta daude ekitaldi honetara, parte hartzea irekia izango da.
Geoparkearen Astea
Euskal Kostaldeko Geoparkeak -2010ean Geoparke izendatua eta harez geroztik Europako zein munduko Geoparkeen Sarean integratua- maiatzaren 18tik ekainaren 9ra bitartean ospatuko du Europar Geoparkeen Astea 2013. Hirugarren urtez burutuko da ekimena espazio natural honetan. Helburua bertako ondare natural, geologiko eta kultural baliotsua herritarrei, eta bereziki Deba, Mutriku eta Zumaiako biztanleei, gerturatzea da. Horretarako, hamaika jarduera antolatu dira Geoparkea osatzen duten hiru herrietan, hala nola, hitzaldiak, umeentzako tailerrak, doako bisita gidatuak eta bestelako ekitaldiak.
Geoparkearen Astea Europako Geoparke guztietan ospatzen da aldi berean, lurralde bakoitzeko ondarea herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin.
Kontsultatu Geoparkearen Asteko egitaraua.