2015-06-12
Antonio Cendrero Kantabriako Unibertsitateko kanpo Geodinamika Katedradunaren hitzaldiak itxi du gaur Espainiako Geologia Elkarteko (SGE) Ondare Geologikoaren Batzordearen XI. Biltzarra. Lau egunez, estatu osotik, Portugaletik eta Hego Amerikatik etorritako 150 aditu batu dira Zumaian.
Bere hitzaldian, ondare geologikoaren kontserbazioa, promozioa eta erabilera izan ditu hizpide. Antonio Cendrero ondare geologikoaren ikerketan aitzindaria da eta zientzien akademiako kidea, besteak beste. IGMEko ondare geologikoaren arloko ikertzaile eta gai honi buruzko hainbat argitalpenen egile Luis Carcavillak aurkeztu du hitzaldia.
Hitzaldiaren aurretik, Ondare Geologikoaren Batzordeak bere Batzar Orokorra burutu du eta ondoren Jaime Palacio Saria banatu da, komunikazio gazte onenari. Sariduna Agustí Rodríguez Menorkako geologoarentzat izan da, hurrengo lan honengatik: "Valorización de la geodiversidad en el marco de la Reserva de la Biosfera de Menorca".
Biltzarraren baitan, adituen hitzaldiak, ondare geologikoari eta geoparkeei buruzko ikastaro trinkoa, ia 100 lanen aurkezpenak eta Geoparkea ezagutzeko irteera gidatua egin dira.
Urdaibaiko Erreserbara bisita
Bihar, larunbatez, Urdaibaiko Biosfera Erreserba ezagutzeko irteera egingo dute partaideek. Euskal Herrian naturaren kontserbazio eta kudeaketa arloan ikono bihurtu da Urdaibai eta azken urteetan aktiboki landu du ondare geologikoa, biosferaren erreserben sarearen barruan erreferente bilakatuz. Irteera honetan egindako aktuazioak ikusi eta euskal kostaldean daukagun paisaje erakargarrienetakoa ezagutuko dute.