2024-05-23
Biodibertsitateari buruzko apunteak liburua Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo bulegoetan egongo da salgai
Alberto Luengo biologoak eta Ander Hormazuri artistak ondu duten Biodibertsitateari buruzko apunteak liburua aurkeztu zen atzo, Deban. Euskal Kostaldeko Geoparkearen enkarguz sortu dute lan mardul bezain ikusgarria, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan. Gaurtik aurrera Geoparkeko hiru herrietako turismo bulegoetan eros daiteke liburua, 30 euroren truke.
Egileek aurkezpen ekitaldian aipatu zutenez, liburu hau ez da ez gida bat ezta entziklopedia bat ere, lurralde txiki honetako espezieekin eta tokiekin izandako topaketei buruzko kontakizun pertsonala baizik. “Hasieratik garbi genuen: publiko orokorrari zuzendutako lana da, ez bakarrik kontserbazioan bataiatuta dagoen edo betidanik ingurunea maite izan duen jendearentzat egindakoa”, azaldu zuen Alberto Luengok.
Geoparkea bezalako lurralde eremu txiki batean aurki daitekeen biodibertsitatea azpimarratu zuten egileek eta urtebeteko sorkuntza ibilbidean bidelagun izan duten Geoparkeko Ingurumen koordinatzaile Gonzalo Torre biologoak ere. “Aniztasun handia eta habitat asko dago 90 kilometro karratutan; ezin dira gauza txiki guztiak erakutsi liburu batean, hortaz, detaileak erakutsi behar dira”, izan ziren bere hitzak.
Euskal Kostaldeko Geoparkean dauden bost ekosistema ezagutuko ditu liburuan murgiltzen den irakurlea: Itsaslabarrak eta marearteko zabalgunea, estuarioa, landazabal atlantikoa, artadi kantauriarra eta kareharrizko gailurretako baso mistoa. Ander Hormazuri artista zumaiarrak arkatzez, luma-muturrez eta akuarelez sortutako ilustrazioei esker, bertako fauna- eta flora-espezieez eta aberastasun naturalaz beste modu batera gozatzeko aukera izango da aurrerantzean.