Kepa Junkeraren azken laneko “Marea Zumaian” abestiaren eta bideokliparen aurkezpena

2016-05-25

Europako Geoparkeen Astearen baitan, datorren larunbatean, arratsaldeko 19:00etan, Zumaiako Kultur Etxean izango da musikari bizkaitarra.

Datorren larunbatean, hilak 28, eta Europako Geoparkeen Astearen baitan, ikusmin handia sortu duen ekimena eskainiko du Geoparkeak. Kepa Junkerak eta Sorginak taldeko kideek “Marea Zumaian” kanta abestuko dute primizian. Abesti hau trikitilariaren lan berrian izango da entzungai. Abestiaren hitzak Jon Maia bertsolari zumaiarrak idatzi ditu. Era berean, ekitaldian izen bera daraman bideoklipa aurkeztuko da, iragan apirilean Algorriko kalan eta Itzurungo hondartzan grabatua.

Ekitaldia 19:00etan hasiko da, Alondegia Kultur Etxean, eta ordubetez luzatuko da gutxi gorabehera. Musikari bizkaitarrak Zumaiako herriari eskaini nahi dion omenaldi txikia izango da, lagunartekoa eta informala. Junkera haurtzaroan hiru urtez bizi izan zen Zumaian.

Ekitaldiaren hasieran Santi Yaniz argazkilariaren lanak ikusiko dira, flyschean hartutako argazkiak, hain zuzen. Bertan izango da bera. Jarraian, “Marea Zumaian” bideokliparen egileak, Jordi Monederok, grabazioaren xehetasunak azalduko ditu eta lehen aldiz erakutsiko da ikus-entzunezko lana. Halaber, hitza hartuko dute Sorginak taldeko kideetako batzuk, Eneritz Aulestiak, Alaitz Eskuderok eta Irati Gutierrezek, inguruko herrietakoak izanik era bateko edo besteko lotura baitute Geoparkearekin. Amaitzeko, Kepa Junkeraren txanda izango da; Zumaiara eraman duten arrazoiez arituko da eta abestia sortzerako orduan zerk inspiratu duen azalduko du. Segidan, trikitixa hartu eta, Sorginak alboan dituela, lehen aldiz joko du jendaurrean “Marea Zumaian” abestia.

Abestia eta bideoklipa artista bilbotarraren lan berrian aurkituko dugu, “Maletak” izenekoa, eta astebetera aurkeztuko da ofizialki jendaurrean.

Sarrerak aldez aurretik hartzeko aukera

Sarrera librea eta doakoa izango da, aretoa bete arte (gehienez 150 lagun; 90 eserita eta 60 zutik). Larunbatean bertan, 18:00etatik aurrera, sarrerak banatuko dira Alondegia Kultur Etxean, eserleku bat edukitzeko. Pertsona bakoitzeko 2 sarrera banatuko dira gehienez. Sarrera eskuratu ez dutenek, aretora sartzeko aukera izango dute baldin eta tokia badago.

[Argazkia: Kepa Junkera]

Kepa Junkeraren azken laneko “Marea Zumaian” abestiaren eta bideokliparen aurkezpena