Euskal Kostaldeko Geoparkeak UNESCOren Munduko Geoparke izendapena eskuratu du

2015-11-17

UNESCOko 195 Estatu Kideek gaur, hilak 17, ebatzi dute izendapen berria sortzea: UNESCOren Munduko Geoparkeak. Munduan dauden 120 Geoparkeak, horien artean Euskal Kostaldeko Geoparkea (Zumaia-Deba-Mutriku), UNESCOk aitortutako toki izatera pasa dira. 

Erabakia gaur, hilak 17, hartu du UNESCOk Parisen egiten ari den 38. Biltzar Orokorrean, 195 Estatu Kideen parte hartzearekin.

Halaber, Biltzar Orokorrak nazioarteko programa berri bat sortzea erabaki du: Lurraren Zientzien eta Geoparkeen Nazioarteko Programa. 

2004. urtean Geoparkeen Munduko Sarea sortu zenetik, UNESCOk Geoparkeen lana babestu du, Sarean modu aktiboan parte hartuz  eta Geoparkeen jardueretan  UNESCOren garapen jasangarrirako balioak betetzen zirela ziurtatuz, hezkuntza, zientzia eta kulturaren bitartez.

Azken urteotan, UNESCO eta Munduko Geoparkeen Sarearen arteko harremanak estutu egin dira, Erakundearen baitan Geoparkeen gaineko programa zehatz bat sortzeko helburua lortze aldera. Dagoeneko programa horrek ikusi du argia.

Izendapen berri honen onespena bultzada garrantzitsua da oso Geoparkearentzat. Batetik, azken urteotan burututako lana aitortzen duelako, eta bestetik, UNESCO markaren erabilpenak promozio bide berriak irekiko dizkiolako nazioarte mailan.  

Hemendik Aurrera, Geoparkeek beste figura ezaguna batzuek duten aitorpen maila bera izango dute, hala nola, UNESCOren Biosfera Erreserba, UNESCOren Munduko Ondarea edota UNESCOren Ondare Ez-materiala. 

Euskal Kostaldeko Geoparkea 

Zumaia, Deba eta Mutrikuko udalerriek osatzen dute Euskal Kostadeko Geoparkea. Geoparkeak aparteko ondare geologiko, paisajistiko eta kulturala du eta natura-turismo eta geoturismo eskaintza erakargarria eskaintzen du oso. 

2010eko azaroan Munduko Geoparkeen Sarean integratu zen Geoparkea. 2014an errebalida prozesua gainditu zuen, beste lau urtez Geoparke izendapenari eutsiz.  

Euskal kostaldeko Geoparkea Geogarapen Elkarteak kudeatzen du (Euskal Kostaldeko Geoparkearen kudeaketarako Elkartea). Elkarte hau 2009an sortu zuten Zumaiako, Debako eta Mutrikuko Udalek. Egun Elkartea osatzen duten erakunde hauek guztiek: Zumaiako Udala, Debako Udala, Mutrikuko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, UNESCO Etxea, Aranzadi, Debegesa, Debabarreneko Grapen Agentzia, Urola Kostako Mankomunitatea, Debemen, Debabarreneko Landa Garapen Elkartea eta Urkome, Urola Costako Landa Garapen Elkartea.

Zer da Geoparke bat?

Geoparkeak ondare geologiko garrantzitsua duten lurralde populatuak dira. Horrez gain, bestelako ondare natural eta kulturalak ere badituzte eta kontserbazioan nahiz garapen jasangarrian oinarritutako kudeaketa-estrategia bat aplikatzen da.

Gaur egun munduan 120 Geoparke daude, horietatik 69 Europako 23 herrialde ezberdinetan. Estatuan 11 Geoparke daude: Maestrazgo Geoparkea, Cabo de Gata-Nijar Geoparkea, Cataluña Central Geoparkea, El Hierro Geoparkea, Lanzarote y Archipiélago Chinijo Geoparkea, Molina- Alto Tajo Geoparkea, Sobrarbeko Geoparkea, Sevillako Sierra Norteko Geoparkea, Sierras Subbéticas Geoparkea, Villuercas-Ibores-Jara Geoparkea eta Euskal Kostaldeko Geoparkea.

 

Euskal Kostaldeko Geoparkeak UNESCOren Munduko Geoparke izendapena eskuratu du