Europako Geoparkeen Astea. Egitaraua

Maiatzaren 23tik ekainaren 1era

#EGNWeek2025


[MAIATZAK 23, ostirala]  Saguzarren Gaua

Europako Geoparkeen Astearekin hasteko, saguzarrak ezagutzeko jardunaldia antolatu du GeoparkeakUgaztun interesgarri hauei buruz gehiago jakin nahi duenak ‘Saguzarren gaua’ ekimenera gonbidatuta dago. Bertan, erakusketa eta detekzio-irteera egingo dira, publiko orokorrari zuzenduta (gehienez 30 lagun), Deban.

Umeekin batera egiteko ekimen oso aproposa da. Jarduerak bi zati ditu, lehenbizikoan adituaren azalpenak entzungo ditugu eta ondoren ibaiaren inguruan, zubia zeharkatuz, ibilbidetxo bat egingo da saguzarrak entzuteko, izan ere, ibai inguruak leku onak izaten dira saguzarren aktibitatearen lekuko izateko. Eguraldia segurua ez bada, bertan behera utzi behar da, euriarekin ez baitira apenas mugitzen.

Ugaztun hegalari hauek hobeto ezagutzea eta ekosistemetan duten funtzioa eta garrantzia azpimarratzea dira ekimenaren helburu nagusiak. Hegan egiteko erabiltzen duten ekolokalizazio sistema hobeto ulertzen lagunduko digu Naturtzaindia elkarteko aditu batek.

Parte hartu nahi dutenek Debako Alamedako kioskoan dute hitzordua, 21:00etan. Aurrez izena eman behar da  labur.eus/saguzar formularioa beteta edo Debako turismo bulegoan (943 19 24 52)


[MAIATZAK 24, larunbata] Geoparkeko Bira: Mutriku-Deba etapa

Geoparkeko Bira osatzen jarraituko dugu egun horretan, izan ere, iazko Geoparkeen Astean ibilbide honen Deba-Zumaia etapa egin zuen herritar talde batek. Geoparkea osorik zeharkatzen duen 54 kilometroz osatutako oinezko ibilbide zirkularra da Bira. Aurtengo Europako Geoparkeen Astearen baitan Biraren hiru etapetako bat egingo dugu oinez: Mutriku eta Deba artekoa. Taldean joango garen arren, ibilbidea autogidatua izango da.

Goizeko 9:00ean Mutrikuko portuan dagoen Birako totem-etik abiatuko gara, Geoparkeko Birako etapa honen abiapuntua den totemetik, hain zuzen. Etapak 16,6 km ditu eta sei ordu inguruan egiteko modukoa da. Indarrak berreskuratzeko geldialdia antolatu da Olatz bailarako Zelaieta ostatuan. Bertan, Geoparkeak eskainitako pintxoaz eta sagardoaz gozatuko dute mendizaleek. Behin etapa amaituta, parte-hartzaileek Mutrikura garraio publikoarekin bueltatzeko aukera izango dute, Lurraldebusen DB03, DB04, DB05 eta DB06 autobus lineak erabilita. Txangoan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da labur.eus/bira2025 loturan edo telefonoz Mutrikuko turismo bulegoan (943 60 33 78). 


[MAIATZAK 25,  igandea] 'El enigma del euskera' bisita gidatua

Geoparkeak eskaintzen dituen bisita gidatu berezienetako bat da “El enigma del euskera’. Zumaiako alde zaharrean egiten den ordu eta erdiko bisita gidatu honetan, euskal kulturaren, hizkuntzaren, mitologiaren, kirolaren eta tradizioen alderdirik ezezagunenak erakusten dira. Europako Geoparkeen Aste honetan are bereziagoa izango da bisita, izan ere, pertsona etorkinei zuzendutakoa izango da.

Herrian osatzen den ibilbideaz gain, parte-hartzaileek antzinako arrain salmenta aretoa eta bere funtzionamendua ezagutuko dituzte. Bukatzeko, elkarte gastronomiko bat ezagutzeko aukera izango dute, bertan pintxo bat dastatzeko aukera izango dutelarik.

 

[MAIATZAK 27, asteartea] Geotalks

Geoparkeen Asteko ekimenik garrantzitsuenetakoa da Geotalks. Zientzia, artea eta komunikazioa uztartzen dituen ekimen honen seigarren edizioa da aurtengoa. Oso berezia izango da, izan ere, Miguel Delibes de Castro biologoa izango baita Zumaiako Aita Mari antzokian Asier Hilariorekin solasean. 'Gracias a la vidalelopean, biologo ospetsuak naturaren eta gizakiaren arteko harreman estuaz hitz egingo du Geoparkeko Zuzendari zientifiko Hilariorekin. 

Kandido Uranga aktorearen irakurketak borobilduko du saioa. Zumaiarrak jende aurrean irakurriko du hainbat testu eta poesia, Geotalks saioari ukitu literario eta artistikoa erantsiz.

Astearte horretan Aita Mari aretoak 18:45ean zabalduko ditu ateak eta 19:00etan hasiko da Geotalks saioa. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.

 

[Maiatzak 29, osteguna] Geoparkeko batzorde zientifikoaren eraketa

Geoparkeko batzorde zientifikoa indarberritzeko garaia iritsi da eta partaide berriek egun osoko bilkura egingo dute, Deban, komisio berriaren dinamika osatzeko. 12:30ean elkartuko dira Hiru Uhinak Hotelean ongietorri ekitaldi instituzionalerako. Mokadutxoa egin ondoren, 15:00etan ekingo diote batzarrari. Geoparkeko Zuzendari zientifikoa den Asier Hilariok koordinatuko du ekimena eta bertan, etorkizuneko ikerketetarako lan-ildoak finkatuko dituzte.

Geoparkeako batzorde zientifikoa hainbat diziplinatako 26 adituk osatzen dute. Estratigrafia, Mikropaleontologia, Hidrogeologia, Ozeanografia, Historia, Astrobiologia, Ekologia edo Arkeologia bezalako espezialitateak ordezkatuta daude batzordean, besteak beste. Organo aholku-emaile horrek Geoparkearen ikerketa-ildoak bideratzen ditu, ezagutza ematen du eta interpretazio-diskurtsoaren edukiak onesten ditu. 

 

[Maiatzak 31, larunbata] 'Flyscha haurrekin' tailerra

Mutrikuko Nautilus gela didaktikoan “Flyscha haurrekin” familientzako tailerra egingo da, 16:00etan hasita eta euskaraz. Tailerra bukatuta, flysch beltzaren itsaslabarrak ezagutzera joango dira partehartzaileak. Mutrikuko portuan itsasontzia hartu eta Saturrarango hondartzara arteko paisaia ikusgarriaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Jarduera hau 4-12 urte bitarteko haurrei zuzendua dago eta gehienez 25 lagunek parte hartu dezakete.

Ekimena doakoa da eta aurrez izena eman beharra dago labur.eus/haurrak loturan, #haurrak kodea erabilita.

 

[Ekainak 1, igandea] Biotop

Europako Geoparkeen Astea bukatzeko, ekainaren 1ean, igande goizean, Biotop irteeraz gozatzeko aukera izango da beste behin ere. Aranzadi Zientzia Elkarteko aditu batek gidatuko du txango botanikoa. Parte-hartzaileek Artzainerreka bailara gertutik ezagutzeko aukera izango dute, batez ere, ibar-basoaren landarediari, goroldioei, iratzeei eta hepatikoei bereziki erreparatuta. Txangoa euskaraz programatu da baina, bigarren talde bat osatuko balitz, hura gaztelaniaz egingo litzateke.

Edonork parte hartu dezake, ibilbideak ez baitu aparteko zailtasunik; laburra da eta ez bereziki aldapatsua. Oinetako egokiak, ura eta, nahi izanez gero, jateko zerbait eramatea gomendatzen da.

Goiz osoko irteera hau Mutrikuko Mijoa industrialdeatik abiatuko da, 10:00etan, eta Artzainerreka bailarako parajetan zehar ibiliko da. Bisitan parte hartzeko aurrez erreserba egitea beharrezkoa izango da labur.eus/biotop2025 loturan edo telefonoz Mutrikuko turismo bulegoan (943 60 33 78).

  

[Maiatzak 23- Ekainak 1] Ate irekiak Nautilus eta Algorri museoetan

Iaz bezalaxe, Geoparkean dauden baliabideak gertutik ezagutzeko ate irekien jardunaldiak egingo dira aurten ere. Europako Geoparkeen Asteak irauten duen bitartean, maiatzaren 23tik ekainaren 1era, Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikoa eta Algorri Zumaiako Natur Baliabideen Interpretazio Zentroa doan deskubritzeko aukera izango da, euren ohiko ordutegietan.

 

[Maiatzak 17-29] II. Mikroipuin Lehiaketa

Iazko Europako Geoparkeen Astearen nobedadeetako batekin jarraituz, II. Mikroipuin Lehiaketa antolatu dugu. X (Twitter) sare sozialean argitaratu ahal izateko kontakizun laburrak aurkeztu beharko dira literatur lehiaketa honetara. 'Geoparkea, denbora zain daukazu' gaia hartuta, gehienez 250 karaktere (hutsuneak kontuan hartuta) izango dituzten lanak lehiatuko dira, edozein literatura-generotakoak. 16 urtetik gorako edonork parte har dezake eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu. Lanak euskaraz idatziak, originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute.

Maiatzaren 17tik 29ra (biak barne) aurkeztu beharko dira lanak. Geoparkeak bi sari banatuko ditu, bat narraziorik onenari eta bestea parte hartzen duten guztion artean zozkatuko dena. Lehiaketaren oinarriak kontsultatzeko eta izena emateko, labur.eus/mikroipuina loturara eta Geoparkearen X kontura (@geoparkea) jo daiteke.

 

[Maiatzak 23tik aurrera] 'Sakoneta sakabanatuta', liburu-askatzea

Euskal Kostaldeko Geoparkeak Juan Luis Zabala Artetxe idazlearen ‘Sakoneta’ liburuaren 10 ale “askatuko” ditu Debako, Mutrikuko eta Zumaiako hainbat txokotan, maiatzaren 23an.

Liburuak banaka eta plastikozko poltsen barruan sartuta sakabanatuko ditugu. Irakurgaiaz gain, hainbat sari irabazteko aukera izango dute “altxor ehiztariek”. Batetik, liburu barruan bonua aurkitzen duenarentzat bi lagunentzako Geoparkeko bisita gidatu bat (aukerazkoa eta urte bukaera arte trukatu ahal izango dena). Bestetik, bertako produktuekin osatutako GeoGourmet Gozoa sorta ederra zozkatuko da liburuak aurkitu eta haien argazkiak gurekin partekatzen dituztenen artean.

Adi egon! Geoparkeko herrietako edozein txokotan askatutako ditugu liburuak. Lor ezazu doan uda sasoirako irakurketa!

Lau urrats hauek jarraitu besterik ez dago:

  1. Aurkitu “askatutako” liburua.
  2. Atera argazkia liburuarekin eta gurekin partekatu Whatsappez (689 261 948), Geoparkeko sare sozialen bidez edo postaz: komunikazioa@geoparkea.com.
  3. Liburuaren barruan sari potoloa aurkitzen baduzu, jarri gurekin harremanetan (bitarteko berberak erabilita).
  4. Irakurri liburua eta gozatu! Eta, nahi izanez gero, berriro askatu!
* Geoparkeak bere sare sozialen bidez (Facebook, X eta Instagram) partekatuko ditu irabazleen izenak eta bidaltzen dizkiguten argazkiak.

 

XIX. Europako Geoparkeen Astearen baitan antolatu diren ekimen hauen guztien berri emango dugu aldiro Instagramen, X-en (Twitter) eta Facebooken#EGNWeek2025 traolarekin. Ez galdu aukera, parte hartu eta gozatu!