2026-09-07
Euskal Kostaldeko Geoparkean egingo diren UNESCOren Munduko Geoparkeen Espainiako Sarearen (REGM) XI. Jardunaldi Irekietan parte hartzeko izen-ematea zabalik da, gaurtik. Jardunaldiak datorren urriaren 7an eta 8an egingo dira, Geoparkeko hiru herrietan. Aurtengo edizioa ondarearen interpretazioan eta komunikazioan oinarrituko da. Garena kontatu: geoparke bat komunikatu eta interpretatu lelopean, solasaldiak, landa-irteerak eta abar bilduko ditu egitarauak.
Urriaren 7an (asteazkena) Zumaiako Aita Mari antzokian abiatuko dira Jardunaldi Irekiak, 9:00etan, erakundeetako ordezkarien hitzaldiekin. Ondoren, Lurraren Historiaren irakurketa jarraitua egingo da, hau da, Estatuko 18 geoparkeek denbora-lerro geologikoa osatuko dute jendaurrean. Jarraian, mahainguruen txanda iritsiko da. Lurraren historiaren dibulgazioa eta interpretazioa nola gauzatzen den aztertuko dute, lau bloketan banatuta: lehen blokean, Panelak eta Geoibilbideak izango da gai nagusia; 2. blokean, Bisita gidatuak gaiaz ariko dira; 3. txandan, berriz, Interpretazio-zentroez solastuko dira; eta, azkenik, Interpretazio-materiala izango dute hizpide. Bukatzeko, Euskal Kostaldeko Geoparkean egiten ari diren Interpretazioari aplikatutako neuromarketing-ikerketaren ondorioak azalduko dira.
Jardunaldia bukatuta, antzokitik atera eta Zumaia ezagutzera joango dira parte-hartzaileak. Flyscha oinez eta itsasoz ezagutuko dute eta, ondoren, euskara eta euskal kulturari buruzko bisita gidatuaz gozatuko dute. Hurrengo egunean, urriaren 8an, landa-irteera egingo dute Debako HAB (Historiaurreko Bailara) eta Mutrikuko erdigune historikoa eta Talaixa Geomuseo berria ezagutzeko.
Geoparkeetako ordezkariak, zientzialariak, adituak, komunikazio eta interpretazio arloko profesionalak zein tokiko eragile eta biztanleak parte har dezakete topaketan. Horretarako, aurrez izena eman beharra dago, bertan agertzen den inprimakia beteta. Izen-ematea zabalik egongo da toki guztiak bete arte.
Hamabigarren edizioa
2014. urtetik ospatzen dira Jardunaldi Irekiak, geoparkeen arteko loturak sendotu eta beren lana ikustarazteko helburuarekin. Urtero, Estatuko Geoparkeen Sareko geoparke batek egiten ditu anfitrioi lanak, ekitaldia bere lurraldean antolatuta. Gainera, Jardunaldien atariko REGM-ren bilera itxian erabakitzen da hurrengo urteko jardunaldien anfitrioia nor izango den.
