Euskal Herriko UNESCO Sarea hezkuntzaren, zientziaren eta kulturaren arloko 20tik gora erakundek osatzen dute.
Datorren martxoaren 16an, astelehena, ekitaldi instituzional bat egingo da Eusko Legebiltzarraren egoitzan, Gasteizen, UNESCO sortu zeneko 70. urteurrena ospatzeko (1945-2015). Ekitaldi horretan, Euskal Herriko UNESCO Sarea aurkeztuko dute.
Sare hori 20tik gora erakundek osatzen dute. Horien artean daude, besteak beste, UNESCOren Eskola Elkartuen Planaren Sarearen kide diren Euskal Herriko ikastetxeak, EHUko eta Deustuko Unibertsitateko UNESCO katedrak, mundu-ondare diren leku batzuk, UNESCOk aitortutako naturguneak eta UNESCOrekin Elkartutako Liburutegi Sareko liburutegiak.
Halaber, kulturaren, zientziaren, hezkuntzaren eta gizartearen arloko Euskal Herriko hainbat erakundek eta elkartek parte hartuko dute, bai eta Eusko Jaurlaritzako eta Legebiltzarreko Mahaiko kideek eta Legebiltzarreko taldeek ere.
Halaber, gure artean izango ditugu estatuko UNESCOren beste sare batzuk, bai eta UNESCOrekin Lankidetzan aritzeko Batzorde Nazionalaren ordezkari gorena ere, hots, Federico Palomera jauna, zeina duela gutxi izendatu baitute batzorde horretako idazkari nagusi.
Ion de la Riva jaunak, UNESCOren Espainiako enbaxadore ordezkari iraunkor izan zenak 2011. eta 2012. urteetan, hitzaldi bat emango du.