Sonia San Jose arkeologoari elkarrizketa: Praileaitzeko historiaurreko santutegia

2017-07-17

Praileaitz I haitzuloaren liburua aurkeztu dute berriki, barrunbe honetan 2000 eta 2009 urte artean egin diren lanak batzen dituen monografikoa. Liburuaren egileetako bat da Sonia San Jose arkeologoa, Geoparkeko Batzorde Zientifikoko kidea.

 

  • Liburuaren sortze prozesua ikerketa proiektuarekin batera hasi zen, duela 17 urte…

Bai, lan luzea izan da. Kontuan izan behar da indusketa arkeologiko bat egiten denean informazio ugari bildu eta kudeatu behar dela. Lehengai anitzez egindako tresnez eta objektuez gain, lagin ugari jasotzen dira material horiek atera diren testuingurua berreraikitzeko, zer klima zegoen, zer egur-mota ustiatzen zuen bertan egondako gizakiak… Horrek lan handia eskatzen du, aditu desberdinen laguntza behar da, eta gero ekarpen guztiak batu egin behar dira. Horretan 28 espezialistek parte hartu dute, Euskal Herriko zein munduko unibertsitate eta ikerketa zentrotatik, Xabier Peñalverren, Jose Antonio Mujikaren eta nire koordinaziopean. Aranzadi Zientzi Elkarteak argitaratzen duen Munibe Monographs bildumako Antropologia eta Arkeologia seriearen lehenengo alea da.  

 

  • Kobazuloaren ikerketak asko eman du orain artean. Zer aurkikuntza nabarmenduko zenituzke? 

Bertan aurkitu ditugun aztarnak urriak izan badira ere, oso bereziak dira: duela 10.000 bat urtetako sutondoak 200 maskor geruza baten gainean, funtzionalitate zehatzik gabe; duela 12.000 bat urtetako aginte-makila zulo bikoitzaduna… horrelako aztarnak ez dira maiz aurkitzen, baina horien artean, Behe Madeleine Aroko maila azpimarratu behar dugu: duela 15.500 urte haitzuloaren atondoan zoru bat prestatu zuten harri zapalez egina, sarreraren aurrean sutondo bat zundatu zuten buztinean eta horren aurrean kareharrizko bloke bat ipini zuten, eserleku gisa. Horren inguruan harrizko 5 zintzilikario agertu ziren eta beste 3 ahuntz hortzetan eginikoak. Atondotik gertu, lehenengo barneko gelan 24 harrizko zintzilikario gehiago agertu ziren: multzotan banatuta, horietako batek 14 pieza zituen, eta beste 3 zintzilikario gunearen albo batean botata, puskatuta.

 

  • Ekainean eta uztailean indusketa kanpaina berri bat egin da. Geratzen da oraindik zer ikertu?

Xabier Peñalverrek zuzendutako lantaldeak beste ekinaldi bat bukatu berri du. Eta, bai, oraindik badago zer ikertu. 2009an eremu zabaleko indusketa bukatu genuenean, Solutre Aldiko maila ikutu besterik ez genuen egin, eta atondoaren egungo zoruaren azpian 5 metro gehiago geratzen dira jalkinez beteta. Ez dakigu maila arkeologiko zaharragorik egongo ote den, bertan egindako zundaketak momentuz datu gutxi eman duelako.

Hala ere, egun  beste sarrera batean ari dira ikertzen. Harrobiaren ustiaketaren aurrean Praileaitz babesteko egondako prozesuan, guk beti esan dugu ez zegoela ondo babestuta, “ezagutzen diren” galeriak besterik ez baitira kontuan hartzen, baina atondoaren ipar-mendebaldean lurrez betetako galeriak zeuden, eta ondoan aurkitzen genituen materialak zahar itxura zuten. Aspaldik pentsaten genuen material hori beste nonbaitetik zetorrela, eta, horrela, 2014an sarrera berri bat topatu zen, gainera Paleolito Erdiko materialak dituena. Egun bertan daude lanean, maila hori ikertzeko eta haitzuloaren galerien garapena hobeto ezagutzeko. 

 

  • Zein garrantzia dute, oro har, indusketa arkeologikoek?

Alde batetik, kronologia oso luzea duen aztarnategia da, Paleolito Erditik Epipaleolitoraino, hau da 100.000-40.000 urtetik duela 10.000 bat urte arte, glaziazioa bukatu arte. Nahiz eta horien arrastorik ez topatu, bi gizaki-mota desberdinek erabili zuten haitzuloa: Homo Neanderthala eta Homo Sapiensa.

Baina, maila arkeologiko guztien artean Behe Madeleineko maila eta arestian aipatutako zintzilikarioak azpimarratu behar ditugu. Pieza horiek ezagutzen ez ditugun esanahi sinbolikoa, magikoa edota erlijiosoa dute. Oso esanguratsuak dira ia denak inzisioz apainduta daudelako, eta harri horietako batzuk forma iradokitzaileengatik aukeratuak izan ziren, hain ezaguna den “Venus” baten soslaia duen zintzilikarioa esaterako. Eta duten garrantziaz jabetzeko beste aztarnategietara begiratzea besterik ez dugu: garai horretako zintzilikario bat edo bi topatu dute Asturiasen, beste pare bat solte Frantzian… baina Praileaitz I-en 29 batera aurkitu ditugu. Gainera, horietako batzuk multzoak osatzen dituzte. Ez dakigu zertarako erabiltzen zituzten, baina badakigu garai horretan haitzuloa ez zutela bizitzeko erabili: egunerokotasuna adierazten duten tresnak, jandako fauna zatiak, eta abarrik ez dugu topatu. Ondo-ondoan dagoen Ermittian aldiz, badira kronologia berbera duten aztarna ugari, bertan giza-talde handi bat bizi zela adierazten digutenak, baina Praileaitz, gure ustez, toki berezi bat izango zen, egungo santutegi moduko bat.  

 

  • Geoparkearen barnealdean kobazulo asko daude; oraindik  aurkitu gabeko altxorrik badela uste duzu?

Ez da uste kontua bakarrik. Egun Paleolito Aroko aztarnak dituzten 60 bat haitzulo ezagutzen dira, baina miaketa-taldeek –batez ere Azkoitiko Munibe Taldea eta Azpeitiko Antxieta Taldea– duela 50 bat urte inguru honetako ikerketa-lanak hasi bazituzten ere, egun jarraitzen dute haitzulo berriak aurkitzen eta zaharrak berrikusten, eta datu gehiago jasotzen ari dira. Inguruan zegoen ikuspegia osatzen lagutzen dute azterlan horiek, garai gero eta zaharragoetako materiala aurkitzen, edo labarretako artea aurkitzen –duela gutxi aurkitutako Astigarraga esaterako-. Lan handia dago egiteko. Baina, tamalez, beste talde batzuk ere ari dira inguru honetan, nahiz eta ikerketarako helbururik ez izan. Horiek baimenik gabe eta ezkutuan egiten dituzte zundaketak, eta kalte handiak eragin dizkiote ondareari, guztiona den ondareari; eta bertan espoliatutako materialak testuingururik gabe ez du balio ikerketarako.

 

  • Monografikoa paperezko edizioan zein bertsio digital librean dago eskuragarri.

Bai, Aranzadi Zientzi Elkartearen webgunean eskuratu daiteke: artikuluka edo liburu osoa doan deskarga daiteke pdf formatuan. Bestalde, paperezko formatoan ere badago salgai, Aranzadin edo Debako Arkatza liburudendan.

Sonia San Jose arkeologoari elkarrizketa: Praileaitzeko historiaurreko santutegia