2013-12-04
Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatutako “Flysch & Karst” Pintxo Lehiaketak baditu irabazleak:
Sari-banaketa ekitaldia atzo egin zen, abenduak 3, Debako Itsas Begi elkartean. Irabazleek Joseba Palenzuela Mutrikuko Alkate eta Geogarapen elkarteko presidentearen eta Maider Zubikarai Debako Alkatearen eskutik jaso zuten saria: diploma eta 300 euroko diru-saria.
Epaimahaia
Epaimahaia Andres Conde Basque Culinary Centerreko irakasle eta sukaldariak, Pantxo Bedialauneta Cantabrico Tabernako sukaldariak (Ondarroa) eta Josu Muguerza Belaustegi Jatetxeko sukaldariak (Elgoibar) osatu zuten.
Pantxo Bedialauneta (Cantabrico taberna), Andres Conde (BCC) eta Josu Muguerza (Belaustegi)
Pintxoek Geoparkeko bi elementu geologiko garrantzitsuenak irudikatu behar zituzten, Flyscha eta Karsta. Baita lortu ere. Epaimahaiak lehiara aurkeztu diren 20 sukaldariek prestatutako mokaduen orijinaltasuna eta kalitatea goraipatu zuen.
Edonola ere, azken erabakia hartzerako orduan kontuan hartu ziren pasa den asteburuan herritarrek emandako boto andana. Hain zuzen, 1.000 lagun baino gehiago izan dira Mutriku, Deba eta Zumaiako tabernetan botoa eman dutenak.
Bozketan parte hartu duten herritar guztien artean saria zozkatu zuen Geoparkeak: bi lagunentzako bisita gidatua eta GeoGourmet otar bat. Sariduna Gotzone Martija mutrikuarra izan da (Txalaparta tabernan eman zuen botoa).
Aurrerantzean, Flysch pintxoa eta Karst pintxoa 20 establezimendu parte-hartzaileetan eskainiko dira. Pintxoen gehienezko salmenta-prezioa 2 eurokoa izango da.
Deskontu-txartelak pintxoak dastatzeko
Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietan ostalaritza bultzatu eta kontsumoa sustatzeko, Euskal Kostaldeko Geoparkeak deskontu-txartelak jarriko ditu herritarren eskura.
6,60 euroren truke eskuratu ahal izango dira eta txartel bakoitzarekin herritarrek 6 pintxo dastatzeko aukera izango dute Zumaia, Deba eta Mutrikuko establezimendu parte-hartzaileetan, 3 eguneko epearen barruan. Deskontu-txartelak 3 herrietarako balio dute eta pintxo irabazleez gainera, eskaintzen diren gainerako pintxoak kontsumitzeko erabili ahal izango dira.
Deskontu-txartelak ostiralean, abenduak 6, jarriko dira salgai Mutriku, Deba eta Zumaiako turismo bulegoetan. Deskontu-txartelarekin batera herritarrek 20 establezimendu parte-hartzaileen mapa jasoko dute, hiru herrietako taberna eta jatetxeen kokapenarekin.