Ostiralean haurrentzako tailer geologikoak egingo dira Geoparkean

2013-05-29

Argazkia: Begi bistan

Geoparkearen Astearen barruan, datorren ostiralean, maiatzak 31, haurrentzako tailer geologikoak egingo dira Deban, Mutriku eta Zumaian, Geoparkeko ondarearen eta balioen zabalkundea eta heziketa sustatze aldera.

Hiru herrietan aldi berean egingo da ekimena, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.

Zumaiarrek Algorri Interpretazio Zentroan dute hitzordua. "Ginkana geologikoa" egingo dute bertan bi hezitzaileren laguntzarekin. Taldeetan banatuta, haurrek hainbat froga gainditu beharko dituzte, denak ere geologiarekin zerikusia dutenak, Zumaiako flyscha zein herriko beste ekosistemak ezagutzeko helburuarekin. Euriak laguntzen badu, frogak kalera aterako dituzte.

Deban, aldiz, "Paleolitoko Olinpiadak" egiteko aukera izango dute gaztetxoek, herriko plazan. Debanatura Elkartearen eskutik, gure arbasoen bizimodua eta Paleolito garaiko ondarea ezagutaraztea izango du helburu ekimenak. 6 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago tailerra eta historiaurreko lanketa tekniken erakustaldia eta aurrez prestaturiko jolas dibertigarriak uztartuko dira. Nolanahi ere, familia osoari zuzendutako ekimena izango da. 

Amaitzeko, Mutrikun, Begi Bistan-ek antolatuta, hainbat tailer ezberdin egingo dira Beheko plazan, adin desberdinetako haurrei zuzenduta. Batetik, gaztetxoei zuzenduta, 12 urtetik gorakoei, "Denbora geologikoa zintziolikatzen" izeneko tailerra egingo da. Lerro baten ipinitako marrazkien laguntzarekin, haurrek geologiaren eboluzioa irudikatuko dute. Bestalde, indusketa geologikoak egiteko aukera ere izango dute mutrikuarrek, aurrez prestatutako harrietan ezkutatuko fosilak aurkituz. Txikienek, berriz, 3 urtetik gorakoek, mural erraldoia egingo dute Mutrikuko itsas-hondoa marraztuz.

19:00etatik aurrera, Nautilus ikasgune geologikoan dagoen "Azterkosta" erakusketarekin bat eginez, portura jaitsi eta uraren kalitatearen neurketak egingo dituzte haurrek. Horretarako, 20 laguneko taldea osatuko da, beraz, parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez. Lehendabiziko 20 umeek osatuko dute taldea. 

None
Ostiralean haurrentzako tailer geologikoak egingo dira Geoparkean