Ostegunean hasiko da Geoparkeak EHUren Uda Ikastaroen baitan eskainiko duen ikastaroa, geologia eta mendiak ardatz hartuta

2016-08-30

"Mendiak eta geologia: paisaia menditsuen eta alpinismoaren gaineko begirada desberdin bat” izenburupean, ikastaroa irailaren 1etik 3ra eskainiko du Geoparkeak Donostiako Miramar Jauregian.

Euskal Kostaldeko Geoparkea presente egongo da UPV/EHUren Uda Ikastaroen 35. edizioan. Ostegunean hasi eta larunbatera bitartean, Geoparkeak ikastaro bat eskainiko du Donostiako Miramar Jauregian “Mendiak eta geologia: paisaia menditsuen eta alpinismoaren gaineko begirada desberdin bat” izenburupean. 

Geoparkeko Zuzendari Zientifiko Asier Hilarioren gidaritzapean, ikastaroak mendiko profesionalen, adituen eta mendizaleen arteko topagune izan nahi du. Paisaia menditsu ezagunenak interpreta ahal izateko ezagutzak eskainiko dira ikuspuntu desberdin batetik, hauen jatorria, bilakaera eta gordetzen duten informazio piloa aintzat hartuz. Halaber, erliebe handi hauen ezaugarri geologikoen eta eskaladarako eta alpinismorako dituzten berezitasunen arteko lotura aztergai izango da. 

Irakasleak lehen mailakoak izango dira, geologia eta alpinismoaren eremuan entzute handiko adituak: Jeronimo Lopez ikertzailea eta alpinista, Jose Carlos Tamayo alpinista, Luis Carcavilla geologoa eta alpinista, Sobrarbe Geoparkeko zuzendaria Anchel Belmonte eta Asier Hilario, Euskal Kostaldeko Geoparkeko Zuzendari Zientifikoa.

Asier Hilariok, ikastaroaren arduradunak, azaldu duenez “alpinista eta entzute handiko zientzialarien arteko eztabaida-gune bat sortzea dugu helburu, iritziak, esperientziak eta ezagutzak partekatzeko, pasio komun baten inguruan: mendia”.

Lehen bi egunetan alderdi teorikoa landuko dute eta hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira. Besteak beste, munduko zein Pirinioetako eta Euskal Herriko mendi nagusien jatorria eta bilakaera emango dira ezagutzera eta Himalayako zortzimilakoak eta munduko mendi ikusgarrienetako batzuk ardatz harturik, geologiaren eta alpinismoaren arteko lotura izango da aztergai. Halaber, mendi hauen estetikaren kontzeptua eta geologo eta alpinisten atentzioa pizten duten bereizgarriak mintzagai izango dira mahai-inguru batean. Gaztelaniaz egingo da ikastaroa.

Larunbatean, hilak 3, irteera egingo dute parte-hartzaileek Euskal Kostaldeko Geoparkera, flyscha gertutik ezagutzeko helburuarekin. UNESCOren Munduko Geoparke izendatua zian da berriki Geoparkea.

 

Ostegunean hasiko da Geoparkeak EHUren Uda Ikastaroen baitan eskainiko duen ikastaroa, geologia eta mendiak ardatz hartuta