2017-09-21
Gipuzkoan, ondarea eta paisaia beste modu batean ezagutzeko 115 ekitaldi antolatu dira, 40 udalerritan. Azaroaren 9ra bitarte luzatuko da egitaraua.
Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat egin du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. "Paisaia bizia. Paisaia eraikuntza" lelopean, jardunaldi hauen helburua ondarea balioan jartzea da, herritarrei ondarea beste modu batean gerturatuz, gai komun batekin eta data zehatz batzuetan.
Ekimenaren baitan, Euskal Kostaldeko Geoparkeak "Mutriku marinela" ibilbide gidatua eskainiko du, doan, urriaren 15ean (gaztelaniaz) eta urriaren 29an (euskaraz), igandez. Biak ere 12:00etan egingo dira.
Mutrikuko hirigune historikoa gure kostaldean ondoen mantentzen denetako bat da. Monumentu Multzo izendatu da, interes historiko-artistiko nabarmeneko etxe eta jauregiak gorde baitira. Bisita gidatu honen bidez, herriko kaleetan barrena, euskal kostaldeko herri arrantzaleen historiaren zati bat deskubrituko dugu.
Izen-ematea: 943 603 378 / turismo@geoparkea.com
Ekimen gehiago Mutrikun eta Zumaian
"Mutriku, marinel eta itsas-gizonen paisaia" izenburupean, Mutrikuko Udalak ibilbide gidatuak eskainiko ditu urrian hurrengo egunetan: urriak 7 eta 21 (euskaraz) eta urriak 14 eta 28 (gaztelaniaz).
Zumaian ere antolatu dira ekimenak. Udalaren eta ZIIZ elkartearen eskutik, "Narrondoko zementeren paisaia" ibilbide gidatua egingo da urriaren 7an, 10:30ean. Eta urriaren 8an, 10:30ean, "Zumaiako paisaia Yeregui erlojuen bitartez" bisita gidatua eskainiko da.