Inguruko animaliak ezagutzeko oinatzen tailerra antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak datorren asteazkenean Itziarren

2020-12-22

Nork utzi du oinatz hori? izenburua duen tailerrak, Burugorri Elkartean egingo da, abenduaren 30ean, asteazkena, goizeko 11:00etan. Jarduera doakoa da, eta ordu eta erdiko iraupena izango du.

Gautarrak direlako, gizakia susmatu orduko ezkutalekua bilatzen dutelako, edo ingurunean kamuflatzen direlako, inguruan ditugun animalia basatiak ikustea ez da erraza izaten. Hortaz, hor daudela ziurtatzeko modu bakarra, sarritan, euren joan etorrietan uzten dituzten arrastoak bilatzea da. Besteak beste, gorotzak, ileak, egagropilak eta lurrean utzitako oinatzak dira mendian animaliek uzten dizkiguten pistak.

Tailerra 8-12 urte arteko umeei zuzenduta dago, plazak mugatuak dira eta izen emate bakoitzeko, hiru ume onartuko dira gehienez. Izen-ematea labur.eus/oinatzak helbidean egin daiteke, edo Auzo Udalaren bulegoan aurrez aurre edo 943 19 92 55 telefonora deituz.

Osasun egoerak hala beharturik, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da eta beharrezko protokolo guztiak aplikatuko dira.  

Jardunaldian parte-hartuko duten ume guztiek oroigarri polit bat eramango dute etxera. Zatoz gurekin!


Inguruko animaliak ezagutzeko oinatzen tailerra antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak datorren asteazkenean Itziarren