Mutrikuko Arrietakua Jauregira bisita gidatuak

2018-06-12

Uztailaren 3tik aurrera Arrietakua Jauregiak ateak zabalduko dizkie bisitariei. Datak zein ordutegiak Geoparkearen webgunean ikus daitezke, eta bertan egin daitezke erreserbak ere. 

Uztailaren 3tik aurrera Mutrikuko Arrietakua Jauregia ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko dira. Sarreren erreserba Euskal Kostaldeko Geoparkearen webgunearen bidez edo Mutrikuko, Debako eta Zumaiako turismo bulegoetan egin daiteke. Bisitari kopurua mugatua izango da; gehienez, 15 laguneko taldeak izango dira eta Udalak izendatutako teknikoek burutuko dituzte. 

XVIII. mende hasieran eraikitako jauregia da eta Mutrikuko Konde kaleko 9. zenbakian dago kokatuta, hirigune historikoan. Interes kulturaleko ondare izendatuta dago, Kultura Ministerioaren aginduz, 1964eko urtarrilaren 17tik eta Gipuzkoan gordetzen den ondare baliabide garrantzitsuenetakoa da. Mutrikuko hirigune historikoa 1995etik monumentu multzo izendatua dago, eta euskal kostaldean ondoen gordetzen den hiriguneetako bat da, izan ere, oraindik XV, XVI, XVII eta XVIII. mendeetako jauregi eta etxe bikainak ikus daitezke. 

Interes arkitektonikoagatik eta bere hormen artean gordetzen duen historiarengatik bereizten da jauregia. Bertan bizi izan dira marinel eta itsasgizon ezagunak, zientzialariak, armadako ofizialak, ingeniariak eta estatu gizonak. Jauregiak fideltasun handiz erakusten digu familia hauek nola bizi ziren, izan ere, aldaketa handirik gabe iritsi baita gaurdaino, historian zehar izan dituen jabe ezberdinen kontserbazio grinari esker. 

Bisitaren prezioa 10 eurokoa izango da (12 urtetik gorakoentzat), eta 4-12 urte bitartekoentzat 5 eurokoa. Sarreren salmentatik jasotako etekinak jauregiaren gastuak eta bisita gidatuen kostua murrizteko erabiliko dira.

Mutrikuarrentzat bisita gidatuak doan

Publiko orokorrari uztailean ateak ireki aurretik, ekaineko bigarren hamabostaldian doako bisita gidatuak egingo dira mutrikuarrentzat. Horretarako beharrezkoa izango da aurrez Mutrikuko Turismo Bulegoan izena ematea: 943 60 33 78 / turismo@mutriku.net).

Honakoak dira mutrikuarrentzako eskainiko diren bisiten data eta orduak:

  • Ekainak 17, 12:00etan eta 17:30ean.
  • Ekainak 21, 09:30ean eta 12:00etan.
  • Ekainak 22, 09:30ean, 12:00etan (gazteleraz) eta 18:00etan.
  • Ekainak 26, 09:30ean eta 12:00etan.
  • Ekainak 27, 09:30ean eta 12:00etan.
  • Ekainak 28, 09:30ean eta 12:00etan.
  • Ekainak 29, 09:30ean eta 12:00etan (gazteleraz).

 

Hitzarmena Mutrikuko Kondearekin

Joan den otsailaren 27an sinatu zuten Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak, Denis Itxaso Kultura diputatuak eta Enrique Areilza Mutrikuko Kondeak Arrietakua jauregia publikoari irekitzeko hitzarmena. 

Hitzarmena sinatu ondoren, Mutrikuko Udalak egokitze lan txiki batzuk egin ditu jauregian zein lorategian, bisitak egoki eskaini ahal izateko.

Mutrikuko Arrietakua Jauregira bisita gidatuak