Mendien Nazioarteko Eguna ospatzeko bi hitzaldi antolatu ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak

2020-12-03

Abenduaren 9an, asteazkena, Sito Carcavillak bere liburu berria aurkeztuko du Zumaiako Kultur Etxean eta abenduaren 10ean, osteguna, Eñaut Izagirrek glaziarren inguruko hitzaldi bat emango du Mutrikuko Kultur Etxean.

Aurreko urteetan mendi irteera batekin ospatu izan dugu abenduaren 11ako Mendien Nazioarteko Eguna. Aurten, mendi ibilaldi batean elkartu gaitezkeen pertsona kopurua murritza denez, bi konferentzia antolatu ditugu: batetik, Mutrikun, Eñaut Izagirrek glaziarren inguruko hitzaldi bat emango du eta bestetik, Zumaian, Sito Carcavillak, berriki plazaratu duen liburuaren aurkezpena egingo du. 

ZUMAIA: Sito Carcavillaren liburu berriaren aurkezpena 

Hilaren 9an, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan, Zumaiako Kultur Etxeko Oxford aretoan, Sito Carcavillak "Geología desde el Campo Base: el Himalaya y Karakórum vistos por un geólogo y alpinista" liburua aurkeztuko du.  

Geologiako Doktorea eta Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuko (IGME) Zientzialari Titularra da Carcavilla. 2007tik, 13 espediziotan parte hartu du Himalaia eta Karakorumera eta Carlos Soriaren taldeko kide izan da. Estreinatutako liburuan mendikate horien eraketaren gakoak eta eskaladarekin zerikusia duten alderdiak azaltzen ditu berak ateratako irudien bitartez.

Ponentzia gazteleraz izango da eta ekitaldia doakoa. Plazak mugatuak dira, hortaz, izen-ematea beharrezkoa da labur.eus/campo-base formularioan edo Zumaiako Turismo Bulegoan aurrez-aurre eta 943 14 33 96 telefonora deituz.  

MUTRIKU: Eñaut Izagirreren glaziarren inguruko hitzaldia

Bestalde, abenduaren 10ean, osteguna, 18:00etan Zabiel Kultur Etxean, Mutrikun, Eñaut Izagirrek “Pirinioetako glaziarrak desagertzear: bilakaera eta egoera” izenburua duen hitzaldia emango du.

Txikitatik Euskal Herriko eta Pirinioetako mendietan hazia eta hezia, EHUn Geografia ikasi zuen Izagirrek eta egun, doktoregai ikerlaria da EHUko Geologia Sailean. Bere foku nagusia Patagonia eta Suaren Lurraldeko glaziarren ikerketan jarrita badu ere, glaziarrekin erlazionatutako beste hainbat proiektutan badabil lanean, Pirinioetako glaziarretan, besteak beste. Azken horien inguruan arituko da Izagirre.

Hitzaldi hau euskaraz izango da, doakoa da eta izen-ematea beharrezkoa da labur.eus/glaziarrak formularioan.

 

Mendien Nazioarteko Eguna ospatzeko bi hitzaldi antolatu ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak