Geoparkeko mendien sorrera ezagutzeko mendi ibilaldia larunbatean

2017-12-11

  • Itziarko plazatik abiatu, Arbil mendiko balkoi-begiratokitik igaro eta Lasturren amaituko da ibilaldia, bertako tabernan mokadutxo bat eginez. Doan izango da.
  • Aukera ezinhobea izango da Geoparkearen eraketa geologikoa ulertzeko, Andutz edota Arno mendien osatze-prozesuak ezagutzeko edota Lasturko bailara ezkutua deskubritzeko. 

Mendien Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Euskal Kostaldeko Geoparkeak mendi ibilaldi gidatua antolatu du larunbaterako, hilak 16, Geoparkeko mendien sorrera ezagutzera emateko. Itziarko plazatik abiatu eta Lasturren amaituko da ibilaldia, bertako tabernan mokadutxo bat eginez.

Itsaslabar ikusgarriez harago, Geoparkea mendiz osatuta ere badago. Ibilbidean zehar, ingurunea ederki ezagutzen duten adituen azalpenak entzunez, mendi hauek gordetzen dituzten sekretuak hurbiletik ezagutzeko aukera izango da, nola sortu ziren, zergatik dute egun duten itxura, bertan aurkitzen diren altxor ezkutuak… 

Goizeko 9:00etan Itziarko plazatik abiatu eta Arbil mendiaren gailurreko balkoi-begiratokian egingo dugu lehen geldiunea bertako panoramika zoragarriaz gozatzeko. Ondoren, Lasturko bailara karstikora jaitsiko gara bertako kanaletik. Lasturko tabernan mokadutxoa egin eta autobusez egingo dugu itzulerako bidea Itziarrera.

Guztira, bazkaltzeko denbora eta autobusa kontuan hartuta, 4 ordu eta erdiko ibilaldia izango da (9:00etatik 13:30era). Ibilbideak 6,6 kilometro ditu eta gora 269 metroko desnibela du eta behera, berriz, 399 metrokoa.

Ezbairik gabe, larunbatekoa aukera ezinhobea izango da Geoparkearen eraketa geologikoa ulertzeko, Andutz edota Arno mendien osatze-prozesuak ezagutzeko edota Lasturko bailara ezkutua deskubritzeko. 

Irteera euskaraz izango da, eta doan. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute 943 192 452 telefonora deituz (Debako Turismo Bulegoa) edota turismo@geoparkea.com epostara idatziz.

Mendien Nazioarteko Eguna

2003. urtean Nazio Batuen Erakundeak Nazioarteko Mendien Eguna ezarri zuenetik, abenduaren hasieran izaten dugu gure planetan mendiek duten garrantzia aldarrikatzeko aukera. Hain zuzen ere, Lurraren azaleraren %22 mendiek osatzen dute, eta bertan aurkitzen dugu ura, elikagaia, energia garbia edota aisialdirako beta. 

Aitzitik, mendiek jasaten duten mehatxua ez da hutsala. Klima aldaketak, lurren suntsipenak, baliabideen gehiegizko ustiaketak edota hondamendi naturalek mendietako komunitateak ez ezik, munduko biztanleak ere arrisku bizian jartzen dituzte. 

Horregatik guztiagatik Euskal Kostaldeko Geoparkeak gure mendiak hobeto ezagutzeko ekimen hau antolatu du.

 

Argazkia: Arbilgo gaina (Gonzalo Torre)

Geoparkeko mendien sorrera ezagutzeko mendi ibilaldia larunbatean