2013-11-15
Geoparkeak hitzaldia eta ikus-entzunezko emanaldia eskainiko du hurrengo ostiralean, hilak 22, “KARST, Geoparkearen altxor ezkutuak” izenburupean. 19:30ean hasiko da ekitaldia, Debako Kultur Elkartean.
Alberto Gorritiberea zine zuzendariak egindako “Karst” ikus-entzunezkoaren aurkezpenarekin hasiko da ekitaldia. Ikus-entzunezkoak 13 minutuko iraupena du eta lehendabiziko aldiz erakutsiko da Deban. Geoparkeko Karstaren unibertsoa landu du Gorritibereak lan honetan, ikus-entzunezko iradokitzailea eginez, Geoparkearen barrualdeko munduaren konplexutasuna erakusten duten ñabardura txikiz betea. Zine zuzendaria bera bertan egongo da azalpenak emateko.
Ondoren, Geoparkearen lurrazpiko munduak ezkutatzen duen informazioa zuzenean ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen diren herritarrek, Geoparkeko haitzuloak ikertzen diharduen lan-taldeko buru den Arantza Aranburu EHUko Irakaslearen eskutik. Hain zuzen, ikerlan hauek bultzatzeko, Geoparkeak lankidetza-hitzarmena sinatu du Aranzadi Zientzia Elkartearekin.
EGUNA: Azaroak 22, ostirala
ORDUA: 19:30
TOKIA: Debako Kultur Elkartea