Jarduerez beteriko asteburua Deban

2016-05-26

Geoparkearen Astearen baitan, hainbat ekimen izango dira datorren asteburuan: haurrentzako tailerra, “Balearen bila” marrazki lehiaketaren sari banaketa, Mendatako talaiara ibilaldi gidatua, Geoparkearen Interpretazio gune berriaren inaugurazioa eta bisita geo-kulturala Lasturren. 

Geoparkeko baleazaleak” goiburupean, Euskal Kostaldeko Geoparkea Europako Geoparkeen Astea ospatzen ari da egunotan Deban, Mutrikun eta Zumaian, bertako ondare geologikoa, naturala eta kulturala herritarrei gerturatzeko helburuarekin. 

Asteburuari begira, Deban hamaika ekintza antolatu dira. Ostiral arratsaldean haurrak izango dira protagonista. 17:30ean, Agirre Jauregian, zetazeoei buruzko tailerra egingo da Donostiako Aquariumaren eskutik.

Ondoren, “Balearen bila” marrazki lehiaketako sari banaketa egingo da. Geoparkeak antolatuta, lehiaketa Zumaia, Deba eta Mutrikuko lehen hezkuntzako ikasleei zuzendu zaie, balearen eta, oro har, beste espezie bizidunen ezagutza eta sentsibilizazioa sustatzeko asmoz. Haur eta gaztetxoek bikain erantzun diote deialdiari eta marrazki mordoa jaso dira; guztira 900 marrazki. Adinaren arabera hiru kategoria ezarri dira eta kategoria bakoitzeko saridun bat aukeratuko da. Saridun hauek diploma eta Aquariumeko oroigarri bat jasoko dute; bestalde, marrazki guztien artean onenak sari nagusia eskuratuko du: irabazlearentzat eta bere familiarentzat Aquariumerako sarrerak eta bazkaria Bokado jatetxean.

Larunbatean ibilaldia gidatua egingo da Mendatako talaiara. Geoparkearen Asteak aurtengoan baleazaleak ditu ardatz. Geoparkeko hiru herrietan baleazaleen aztarna gehienak aspaldi desagertu baziren ere, Mendatan (Itziar, Deba) talaia baten arrastoak aurki ditzakegu. Geoparkeak sustatuta, indusketa lanak egin dira bertan Suhar Arkeologiaren eskutik eta bertan grabatu dira Euskal Baleazaleen Triskantza dokumentalerako zenbait irudi. Hain zuzen ere, Geoparkearen Astearen baitan dokumental hau ikusteko aukera izan da egunotan Geoparkeko hiru herrietan. 

Hain zuzen, dokumentalarekin eta Mendatako talaiarekin lotuta, larunbatean, hilak 28, ibilaldi gidatua egingo da Mendatako talaiaren indusketara. Hitzordua Itziarko Itxaspe kanpinean izango da, goizeko 10:00etan. Talaiara iristean Suhar Arkeologiako kideek indusketari buruzko azalpenak emango dituzte. Ondoren, hamaiketakoa eskainiko zaie parte-hartzaile guztiei. Familia osoari zuzendutako ekimena izango da. Parte hartzeko interesa dutenek izena eman dezakete aurrez Debako Turismo Bulegoan (943 19 24 52).

Geoparkeko interpretazio gune berria, Lasturren

Igandean, maiatzak 29, Geoparkearen Asteari amaiera borobila emateko, Geoparkeko interpretazio gune berriaren inaugurazioa egingo da Lasturren. Bertako aterpetxean kokatua, espazio edo gune berri honek Geoparkearen bihotzean dagoen Lasturko haran ezkutua hobeto ezagutzeko aukera eskainiko digu, bertako kultura, historia eta geologia. Testu, argazki eta ilustrazioen bitartez, Lasturko historia eta tradizioak, harriarekiko duen lotura estua, Karstaren mundua eta ezaugarri geologiko bereziak edota bertako bizimodu eta ohiturak deskubritzeko aukera izango du bisitariak. Goizeko 10:30ean hasiko da ekitaldia eta, jarraian, Hector Fano geologoak bisita geo-kulturala eskainiko du Lasturko harriaren inguruan. Ekitaldia irekia eta doakoa izango da eta aurrez izena emateko turismo bulegora deitu dezakete interesa duten herritarrek (943 19 24 52).

Geoparkeak parte hartzeko gonbitea luzatu nahi die herritarrei, haur, gazte zein helduei. 

Zumaian, Kepa Junkera & Sorginak taldeko kideen emanaldia

Datorren larunbatean, eta Geoparkearen Astearen baitan, musikari bizkaitarrak emanaldia eskainiko du Zumaian, Alondegia Kultur Etxean, 19:00etatik aurrera, Sorginak taldeko kideek lagunduta. Disko berriko "Marea Zumaian" kanta eta bideoklipa aurkeztu dute primizian. 

Jarduerez beteriko asteburua Deban