2020-10-01
Aurten, Euskal Kostaldeko Geoparkeak 10 urte betetzen ditu, eta urteurrena ospatzeko, programa berezi bat prestatu du hiru herrietan. “Itsas ondarearen jaialdia: Hiru Anai batela, mende bateko historia zuzenean” izenburua duen ekitaldiak, Zumaian urriaren 4an egingo da, Mutrikun urriaren 10ean eta Deban urriaren 17an.
Itsasontzi tradizionalen erakusketa antolatu da, ‘Hiru Anai’ batela berreskuratzeko lanak zuzenean ikusteko aukera egongo da Zumaiako Beduola Elkartearen eskutik eta ibilbide gidatuak eta tailerrak antolatu dira, haur eta helduentzat, hiru herrietan. “Gure lanaren bitartez inguruko itsas ondarea jarri nahi dugu balioan” Inazio Manterola, Beduolako Elkarteko kidea.
Gainera, batel tradizional batean errekan gora nabigatzeko aukera ere egongo da. Horrez gain, Zumaian, Kofradiara bisita gidatuan antolatu dira, Mutrikun, Arrietakua Jauregia ezagutzeko aukera egongo da eta Amugileen ofizioaren eta garai bateko aparejuen erakustaldia egingo da. Deban, bestalde, Santa Maria elizara bisita gidatuak antolatu dira eta Marinel-korapiloen tailerra egingo da.
Ekitaldi hau, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak bultzatzen duen, 2020 Ondarearen Europako Jardunaldien barruan antolatu da. “Aurten, gure ondarea agerian uzteko konpromisoa, ilusioa eta gogoa are handiagoak izan dira aurreko urteetan baino, eta hori erronka handia izan da parte hartu duten eragile guztientzat, Covid-19k eragindako murrizketa eta ziurgabetasunengatik. Gure esker ona adierazi nahi diegu erakunde antolatzaile guztiei, ziur baikaude gipuzkoarrek Ondarearen Festa hau gozatuz baloratuko dutela”, azaldu du Mari Jose Telleriak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia.
Aurten Euskal Kostaldeko Geoparkeak hamar urte betetzen ditu Geoparkea izatea lortu zuenetik eta bost UNESCOren Munduko Geoparkea izendapena lortu zuenetik. “Hamarkada honen ondoren Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak bere indarra bermatu du erakundeen laguntzari, herritarren babesari eta bisitariei esker. Kontserbazioa, hezkuntza eta geoturismoa izan dira Geoparkearen estrategiaren zutabeak, betiere, Deba, Mutriku eta Zumaia Geoparkea osatzen duten udalerrietako garapen lokal iraunkorraren alde lan eginez” azpimarratu du, Leire Barriusok, Geoparkeko kudeatzaileak
Urte hauetan egin den lanaren ondorioz emaitza bikainak lortu ditu Geoparkeak eta ilusioz betetako etorkizuna datorkigu. “Espero dugu beste hamar urte gehiago egitea Euskal Kostaldeko Geoparke bezala eta Deba, Zumaia eta Mutrikuko herritarren parte hartzearekin ospatzea” Iñaki Ostolaza, Zumaiako alkatearen hitzetan.
Aurkezpenean egon dira, Mari Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia, Iñaki Ostolaza, Zumaiako alkatea, Gilen Garcia, Debako alkatea, Ruben Andonegi, Mutrikuko zinegotzia, Leire Barriuso, Geoparkeko kudeatzailea eta Inazio Manterola, Beduola Elkarteko Kidea.